Gizartea -

KORONABIRUSA

R0 zenbakia 0,74ra jaitsi da Euskadin, 2020ko ekainetik txikiena

120 positibo berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 10 gutxiago, eta intzidentzia metatua 104 kasuraino jaitsi da. Egoera larrian dauden pertsonak 49 dira oraindik, eta gela arruntetako ospitaleratzeak 104ra jaitsi dira.

Illunbeko txertaketaren artxiboko argazkia. EFE.
Illunbeko txertaketaren artxiboko argazkia
Illunbeko txertaketaren artxiboko argazkia. EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

R0 oinarrizko erreprodukzio tasa 7 egunez jarraian jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 0,74koa da, 2020ko ekainaren 26tik izan den txikiena. Datu horrek erakusten du covid-19aren transmisioaren ahalmena jaisten ari dela EAEn.

Hala ere, birusaren birsorkuntza indizeak ez du eragin bera lurralde guztietan. Gipuzkoan, R0 0,67ra jaitsi da (0,72koa zen bezperan); Araban, 0,95era igo da (0,87koa zen aurreko egunean); eta Bizkaian, 0,74koa da (0,81koa zen asteartean).

Bestalde, 120 positibo berri atzeman dituzte asteazken honetan, aurreko egunean baino 10 gutxiago, eta intzidentzia-tasa metatua 104,06 kasuraino jaitsi da 100.000 biztanleko 14 egunean (109,29 kasukoa zen asteartean).

Arabak du adierazlerik onena, 89 kasu, baina Bizkaian eta Gipuzkoan baino beherakada txikiagoa izan du, 105,8 eta 102,1 kasuko intzidentzia izan baitute, hurrenez hurren.

EAEko ospitaleetan egoera larrian dauden gaixoen kopurua maila berean geratu da, 49 gaixo larri, eta gela arruntetako ospitaleratzeak 110etik 104ra jaitsi dira. Gainera, 28 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, aurreko egunean baino bi gutxiago.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, asteazken honetan 6.827 proba diagnostiko egin dituzte, asteartean baino gehiago (6.815), eta positiboen tasa % 1,9tik % 1,8ra jaitsi da.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egun 14 egunean metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 0,71 da.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 66 positibo berri atzeman dituzte Bizkaian (asteartean baino hiru gehiago), 24 Gipuzkoan (aurreko egunean baino 16 gutxiago) eta 23 Araban (bezperan baino hiru gutxiago). Horiez gain, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren zazpi pertsona kutsatu dira, aurreko eguneko kasu bakarraren aurrean.

Intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 14 egunean 60 kasutik beherakoa duten 5.000 biztanletik gorako udalerriek gora egiten jarraitzen dute, 12tik 15era igaro baitira egun batean. Araban, Laudio eta Amurrio daude gune berdean; Bizkaian, bezperan zeuden berberak (Elorrio, Galdakao, Markina, Mungia, Ortuella eta Trapagaran); eta Gipuzkoan, Astigarragak eta Pasaiak bat egin dute Bergara, Deba, Hernani, Legazpi, Lezo eta Zumarragarekin.

Euskadi osoan udalerri bakarra dago eremu gorrian, Lekeitio, 100 00 biztanleko 400 kasu baino gehiagoko intzidentzia metatua baitu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak