Gizartea -

La Palmako sumendia

Laba datozen bi egunetan itsasora heltzea baztertu dute

Laba kolada bat ia gelditu da, eta bestea "oso geldo" aurrera egiten ari da, 4 metro orduko abiaduran. Sumendiaren gas zutabeek 4.500 metroko altuera harrapatu dute. Bestalde, alisioen eraginez euri azidorik "ez da espero".

EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Sumendiaren kolada nagusia mantso doa, baina 15 metroko altuera eta 600 metroko zabalera ditu

1:11

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Jose Blanco Institutu Geografiko Nazionaleko (IGN) zuzendariak azaldu duenez, La Palmako Cumbre Vieja sumendiak leherketak, deformazioen abiadura egonkorra eta sismikotasun txikia mantentzen ditu.Jarraitu zuzenean erupzioa, hemen.

Pevolca zientzialari batzordearen berri emateko prentsaurrekoan, laba kolada bat ia gelditu dela esan du Blancok (iparralderago dagoena), eta bestea "oso geldo" aurrera egiten ari dela, 4 metro orduko abiaduran. Hori gertatzea normala da, isurketa puntutik urruntzen diren heinean; izan ere, materiala arrastaka eramateaz gain, zertxobait hoztu eta topografiara egokitu behar dira.

Labaren aurrealdeak 500 metro inguru ditu, eta tarte batzuetan 12 bat metroko garaiera, eta sumendiaren gas zutabeek 4.500 metroko altuera harrapatu dute.

Euri azidorik "ez da espero"

Alisioen eraginez euri azidorik "ez da espero", adierazi du Blancok, eta airearen kalitatea ona da. Bestalde, labaren moteltasuna ikusita, ostegunean eta ostiralean itsasora ez dela helduko ziurtatu du.

Isurketa ez dela eten erantsi du, "eta berdin jarraitzen du". Horrela, 26 milioi metro kubiko laba bota ditu dagoeneko.

Arrakala motako erupzio batean, isurketa puntu ezberdinak izan ohi dira, eta kono bat eraikitzen dutenean, gasa pilatu eta "bat-batean askatzen da"; eta leherketak gertatzen dira, azken egunetan jazotakoak bezala.

Zentzu horretan, datozen egunetan leherketek jarraituko dutela azpimarratu du. Azkenik, isurketa puntu berriak (ahoak) sortzea ez du baztertu.

Sumenditik ateratzen ari den labak 166 hektarea estali eta 350 eraikin suntsitu ditu, igandean erupzioa hasi zenetik, Europar Batasuneko Copernicus programak satelite bidez egiten ari den jarraipenaren arabera.

Horrela, duela 36 ordu baino 14 hektarea gehiago hartu ditu labak jadanik. Era berean, asteartearekin alderatuta, 30 eraikin gehiago txikitu ditu.

Uharteko semaforo bolkanikoak gorri jarraitzen du, larrialdi egoeran, eta erupzio prozesuak aurrera ere.

INTERESEKOA: La Palmako sumendiaren gaineko hainbat bulo gezurtatu ditugu

La Palmako aireportuak zabalik jarraitzen du

Oraingoz, La Palmako aireportuak zabalik jarraitzen du, baina dagoeneko uharte arteko sei hegaldi atzeratu behar izan dituzte.

La Palmako aireportu inguruan, aireko bi eremu mugatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuak Kanarietan duen Ordezkaritzak Enaireri, larrialdi operazioak errazteko, aire nabigazio kudeatzaileko iturriek jakitera eman dutenez.

Horrela, zonalde horiek Estatuko segurtasun indarrek, larrialdi zerbitzuek, Estatuko hegazkinek eta baimenduek bakarrik erabili ahal izango dute. Hala ere, neurriak ez die hegazkin komertzialei eragingo.

La Palmako biztanleek ez dute une honetan arnasten duten aireaz kezkatu behar, ez baita kaltegarria osasunerako. Larrialdietako Unitate Militarra airearen kalitatea neurtzeko egiten ari den azterketa guztiek emaitza negatiboak ematen dituzte.

Sumendiak isurtzen dituen gasak kaltegarriak izan daitezke pertsonentzat, eta atmosferatik Euskal Herrira iritsiko dira, Copernicus Atmosferaren Zainketa Zerbitzuaren aurreikuspenen arabera.

Kanarietan, etxeen % 48k bakarrik dute asegurua
Kanarietan, etxeen % 48k bakarrik dute asegurua
Kanarietan, etxeen % 48k bakarrik dute asegurua

1:12
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Kanariak Sumendiak Hondamendi naturalen biktimak La Palma erupzioa gaur