Gizartea -

Erupzioa

Leherkortasunak eta bi aho berrik ebakuazio gehiago egitera eta hegaldiak bertan behera uztera behartu dute

Tajuya, Tacande de Abajo eta Tacande de Arriba auzoak hustu behar izan dituzte. Gainera, Iberia, Binter, Canaryfly eta Vueling konpainiek 30 bat hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte.

Cumbre Vieja (La Palma) sumendia. Argazkia: EFE
Cumbre Vieja (La Palma) sumendia. Argazkia: EFE
220 hektarea hartu ditu dagoeneko Cumbre Vieja sumendiaren jarioak

2:15

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leherkortasun handiagoa eta bi aho berri ditu La Palmako Cumbre Vieja sumendiak. Ondorioz, bizilagun gehiago ebakuatu behar izan dituzte ostiral honetan. Jarraitu zuzenean erupzioa, hemen.

La Palmako zatirik handienean nabaritzen dira Cumbre Vieja sumendiaren leherketak, eta material piroklastiko gehiago botatzen ari da.

Gainera, errauts gehiago jaurtitzen ari da. Horrela, Iberia, Binter, Canaryfly eta Vueling konpainiek La Palma eta Gomera uharteak lotzeko 30 bat hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte. Bertan behera utzitako hegaldietako bat Vueling konpainiak Bilbotik egitera zihoan joan-etorria izan da.

Binter Canarias eta Canaryfly artxipelagoko uharteak lotzen dituzten hegazkin konpainiek hegaldiak aldi baterako bertan behera utzi behar izan dituzte.

Binter airelineak Tenerife hegoaldeko aireportuan lan egiteari utzi dio sumendiko errautsagatik; izan ere, "nabarmen okerrera egin du egoerak", konpainiak agiri batean azaldu duenez.

Kanarietako Gobernuaren Segurtasun eta Larrialdi Zuzendaritza Nagusiak Tajuya, Tacande de Abajo eta Tacande de Arriba auzoak husteko agindua eman du, sumendiaren leherkortasunak gora egin duelako.

El Paso herriko beste hiru auzo ebakuatu behar izan dituzte, sumendia inoiz baino oldarkorrago dagoelako
El Paso herriko beste hiru auzo ebakuatu behar izan dituzte, sumendia inoiz baino oldarkorrago dagoelako
El Paso herriko beste hiru auzo ebakuatu behar izan dituzte, sumendia inoiz baino oldarkorrago dagoelako

1:25

Oraindik auzo horietan zeuden 300-400 bizilagunek etxeak 15 minututan utzi behar izan dituzte, material piroklastikoaren arriskuagatik. Beldurra eta ezintasuna azaldu dute bizilagun horiek.

Labak 190,7 hektarea estali eta 420 eraikin txikitu ditu

Orain arte labak 190,7 hektarea estali eta 420 eraikin txikitu ditu, baita 15,2 kilometro errepide ere, Europar Batasuneko Copernicus programaren sateliteak eskainitako datuen arabera.

Horrela, labak azken balantzean baino 10,6 hektarea gehiago estali ditu. Era berean, 30 eraikin gehiago suntsitu ditu.

Pevolca zientzialari batzordearen azken txostenaren arabera, erupzioak arrakala estilo bera du, baita mekanismo berdina ere. Ipar-mendebalde hego-ekialde norabidean du arrakala.

Erupzioaren zutabeak sei kilometroko garaiera harrapatu du. Kolada nagusia (zaharrena) oso motel mugitzen ari da, metro bat orduko abiaduran. Hala ere, kolada berri bat azaldu da hegoaldeko hegalean.

Kolada berriak bloke handiak ditu, eta baliteke zentro eruptibo nagusiaren kolapsoarekin sortu izana. Kolada berria 33 metro orduko abiaduratik 12ra jaitsi da ostegun honetan, eta moteltzen ari da.

Datozen orduetan haizearen norabidea aldatzea espero da 3.000 eta 5.000 metrotan. Horrek errauts hodeia ipar-ekialdera bultzatuko du, aireko nabigazioaren mesedetan.

Sumendiaren kolada nagusia mantso doa, baina 15 metroko altuera eta 600 metroko zabalera ditu
Sumendiaren kolada nagusia mantso doa, baina 15 metroko altuera eta 600 metroko zabalera ditu
Sumendiaren kolada nagusia mantso doa, baina 15 metroko altuera eta 600 metroko zabalera ditu

1:11

Presio uhinek leihoak apurtu ditzakete

Sumendiaren leherketek eragindako presio uhinek leihoak apurtu ditzakete 3 kilometroko eremuan.

Erupzioa egunean 12.000 tona sufre dioxido (SO2) baino gehiago isurtzen ari da, baina airearen kalitateak ona jarraitzen du izaten, Tolosako (Frantzia) VAACek azaldu duenez.

Laba koladak geruza handia osatzen du toki batzuetan. Ondorioz, aurrealdea hautsi daiteke malda handietan, zati handiak puskatu eta zenbait metrora erori daitezke, topografiaren arabera.

Era berean, aldapa handietan fluxu piroklastikoak sor daitezke.

Errautsa erortzen ari den guneetan, barruan egoteko gomendio eman dute, eta kalean egotekotan FFP2 musukoak eta begiak babesteko sistemak erabiltzea eskatu dute.

Azkenik, beste uharteetara iritsi den errautsari dagokionez, maskara kirurgikoak erabiltzeko gomendioa eman dute, baita teilatuak garbitzea ere.

Copernicus satelitearen irudia. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Kanariak Sumendiak Hondamendi naturalen biktimak La Palma sumendia gaur