Gizartea -

DONOSTIALDEKO METROA

Metroak kaltetutakoak babesteko eskatu dio EH Bilduk Donostiako alkateari

Reyes Carrerek salatu duenez, UTE zein Jaurlaritzak gutunak bidali dizkiete bizilagunei kalteordain akordio bat sinatzea proposatuz, eta trukean, etorkizunean salaketarik ez jartzea onartuz.

Reyes Carrere kaltetuko bizilagunekin. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Reyes Carrere kaltetuko bizilagunekin. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Reyes Carrere kaltetuko bizilagunekin. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Reyes Carrere, Donostiako Udaleko EH Bilduren bozeramaileak "beste aldera begiratzeari utzi" eta Donostiako Metroak kaltetutako bizilagunak babesteko eskatu dio Eneko Goia alkateari, "erabat babesgabe baitaude".

Dozenaka lagun bildu dira Donostiako Benta Berri plazan gaur goizean, herritar kaltetuei elkartasuna adierazteko, Antiguako geltokiaren sarrera ondoan, "Ez handitu zuloa" pankartaren atzean.

Donostiako Metroaren lurrazpiko lanak direla eta kalteak jasan dituzten donostiarrei laguntza ematea ezinbestekoa dela adierazi dute EH Bilduko bozeramaileak zein koalizio abertzaleko beste hiru zinegotzik ere. 

UTEen eta Eusko Jaurlaritzaren gutunak bizilagunei

Bereziki babestu nahi izan dituzte "UTEen eta Eusko Jaurlaritzaren presioa jasatzen ari diren herritarrak". Izan ere, Carrerek azaldu duenez, bizilaunek kalteordaina eskaintzen dien gutuna jaso dute, baina trukean, letra txikian, etorkizunean ezingo dutela salaketarik egin onartu beharra dago.

"Gutun hauek babesgabetasun egoeran uzten dituzte donostiarrak" salatu du Carrerek, "ez baitakite zer egin enpresa handi hauen aurrean", "bakarrik sentitzen dira eta beldurra dute".

Oposizioko talde nagusiaren bozeramaileak "lotsagarritzat" jo du Eneko Goiak alkate jeltzaleak "berriz ere beste aldera begiratzea, enpresen alde jartzea eta bizilagunak bakarriz uztea, elefante batek zapaldu behar dituen inurriak bezala sentitzen direnean".

"Donostiako herritarrak babesteko eskatzen diogu Eneko Goiari, donostiar guztien alkatea delako eta bere betebeharra delako herritar guztien eskubidea defendatzea" gaineratu du Carrerek.

Zuloak eta arazo teknikoak

Donostialdeko Metroaren obrak geldituta daude une honetan, uda aurretik Miraconcha-Easo inguruan sortutako hirugarren zuloaren inguruan atzemandako arazo teknikoengatik.

Iazko azaroan agertu zen bigarren zuloa Zubieta kalean, Londres hotelaren parean. Aurrez, ekainean, 20 metro kubikoko lehen zuloa agertu zen kale berean. Orduko hartan, hiru eraikin jendez hustu behar izan zituzten.

Zuloak direla eta, izugarri igo da proiektuaren aurrekontua eta ez da iragarri zuten urtean (2022) martxan egongo, 2024ko bigarren seihilekoan baizik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Salaketak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Donostia Topoa