Gizartea -
Gertakaria
Bi pertsona erreskatatu dituzte Donostiako etxebizitza-bloke batean piztutako sute baten ondorioz
Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, sua 14:30 aldera piztu da Elosegi Alkatearen etorbideko 131. zenbakiko barruko patio batean.
agentziak | eitb media
Adineko gizon bat eta neska gazte bat euren etxebizitzetatik atera behar izan dituzte Donostiako suhiltzaileek, igande honetan Herrerra auzoko eraikin baten barruko patio batean izandako sute baten keak harrapatuta.
Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, erreskatatutako bi pertsonek kea arnastu dute eta horietako bat, neska, ospitalera eraman dute anbulantzian, badaezpada.
Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, sua 14:30 aldera piztu da Gipuzkoako hiriburuko Elosegi Alkatearen etorbideko 131. zenbakiko barruko patio batean.
Aipatu iturrien arabera, suteak "kalte handiak" eragin ditu lehen solairuko bi etxebizitzatan eta bigarren solairuko beste batean. Gainerako etxebizitzetan ere keak kalteak eragin ditu.
Gainerako bizilagunak, bost altuerakoak, suhiltzaileak iritsi direnean atera dira bertatik, eta ordu erdi baino gutxiagoan itzali dituzte garrak, baina ordu batzuk eman dituzte aireztapen lanetan.