Gizartea -
Turismoa
Turismoak 2019ko zenbakiak hobetu ditu abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoan
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako turismoko datuek Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak gainditu dituzte "sarrera, gaualdi eta batez besteko tarifen" kopuruari dagokionez.
Agentziak | EITB Media
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua pozik agertu da Euskal Autonomia Erkidegoko turismo datuen aurrean, abuztuan "aurreikuspen" guztiak gainditu baitituzte "sarrera, gaualdi eta batez besteko tarifen" kopuruari dagokionez, 2019ko datuekin, covid-19aren pandemia iritsi aurreko zenbakiekin, alderatuta.
Hurtadok EAEko BPGaren % 6,4 osatzen duen sektore honetako datuen balantzea egin du gaur, astelehenarekin, Turismoaren Nazioarteko Egunean, Eustatek joan den astean iragarri eta gero.
Sailburuaren ustez, turismoa "oso garrantzitsua" da "ez bakarrik ikuspuntu ekonomikotik, baizik eta maila kulturalean eta gizarte kohesioari dagokionez ere", Euskal Autonomia Erkidegoan 100.000 pertsonari ematen baitie lana eta "askoz familia gehiagoren bizibidea" baita.
Atzerritar bisitarien jaitsiera
Hurtadok zehaztu du uda hasieran atzerritar bisitarien kopurua jaistea aurreikusten zutela, hainbat herrialdetan mugikortasuna mugatuta baitago, eta hori "argi eta garbi" berretsi da, nahiz eta "turismo nazionalaren hazkunde nabarmenak" joera hori orekatu duen.
Denboraldia hasi aurretik, 2021eko udako datuak 2020koak baino handiagoak izango zirela baina 2019ko datuetara iritsiko ez zirela uste zen, baina, sailburuaren hitzetan, "errealitateak aurreikuspenak gainditu ditu, batez ere abuztuan, hoteletan ere, nahiz eta aurreikuspen txarrenak zituzten, datuak hobetu baitituzte".
"Gure hiru hiriburuek turistak erakartzeko ahalmen handia erakutsi dute: Gasteizek eta Donostiak 2019ko datuak hobetu dituzte uztail eta abuztuan, % 3,2 eta % 8 hazita, eta Bilbo soilik gelditu da 2019ko datuen azpitik, % 11 jaitsita, baina 2020ko sarrera kopurua bikoiztu du", esan du Hurtadok.