Gizartea -

Indarkeria matxista

50 urte baino gehiagoko espetxe-zigor eskaera, 2018an, Gasteizen, emazte eta amaginarreba ohiak hiltzeagatik

Arabako Fiskaltzak 50 urteko zigorra eskatu du. Bestalde, akusazio partikularrak 55 urteko espetxealdia eskatu du, eta herri-akusazioak 60 urteko zigorra.

Erasotzailea krimenaren egunean, Gasteizen. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Erasotzailea krimenaren egunean, Gasteizen. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Erasotzailea krimenaren egunean, Gasteizen. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko apirilaren 20an, Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan, emazte ohia eta amaginarreba ohia hiltzeagatik 50 urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du Arabako Fiskaltzak. Akusatuaren emazte ohiak 43 urte zituen, eta haren amak 69, erasoan 33 eta 38 labankada jaso zituzten, hurrenez hurren.

Ministerio Publikoaren akusazio idatzian, bi hilketa delitu egotzi dizkiote gizonari. Kartzela-zigorraz gain, bi seme-alaben guraso-agintea kentzea, eta horiek zein biktimen senide zuzenek milioi bat euro baino gehiagoko (1.220.000 euro) kalte-ordaina jasotzea eskatu du fiskalak.

Bestalde, akusazio partikularrak 55 urteko espetxealdia eskatu du, eta Clara Campoamor elkarteak, herri-akusazioak, 60 urteko zigorra.

Gizona Arabako Lurralde Auzitegian epaituko du zinpeko epaimahai batek. Epaiketaren data oraindik ez dute zehaztu.

Bikotearen krisia 2015ean hasi zen, eta emakumeak banantzea proposatu zion. Une horretan ez zen gertatu, gizonak eskatu ziolako.

Hala ere, tirabirak "gero eta sarriago" zituzten, eta 2017an dibortzioa eman eta bikoteak hitzarmen bat sinatu zuen.

Nahiz eta ezkontza hautsi, gizonak "ez zuen emazte ohiaren erabakia onartu", eta etxebizitza utzi eta berehala deiak egiten eta mezuak bidaltzen hasi zen, "mugimenduak eta jarduerak kontrolatzeko, eta batez ere emakumeak beste harremanen bat ote zuen jakiteko asmoz".

Era berean, amaginarreba ohiarekin behin baino gehiagotan harremanetan jarri zen, bitartekaritza lanak egitea eskatzeko; baina emakumeak alabaren banantzeko erabakia babesten zuela ikusita, akusatuak jomugan jarri zuen.

Seme-alaben bidez emazte ohiari min emateko asmoa agertu zien gizonak ezagunei. 2018ko apirilaren 20a baino lehen, emazte ohia eta amaginarreba ohia hiltzeko asmoa azaldu zien.

Bi saiakera

Fiskaltzaren arabera, azkenean gizonak biak akabatzeko erabakia hartu zuen. Apirilaren 19an saiatu zen, baina ez zuen lortu, ez zituelako etxean harrapatu.

Hala ere, hurrengo egunean berriro saiatu zen, eta eraikineko atarira sartu ondoren, bikotekide ohiaren solairura igo, eta biak atean harrapatu zituen. "Hiltzeko asmoz" biak sastatu zituen.

Biak hil ostean, akusatua etxe barrura sartu zen. Txikizioa eragin eta etxebizitzari su eman zion ondoren, Ministerio Fiskalak azaldu duenez.

Ondoren, leihotik atera eta zortzigarren solairutik suhiltzaileek jarritako koltxonetan salto egin zuen. Akusatuak ez zuen zauri larririk izan, eta Santiago Ospitaletik pasa ostean, behin-behineko espetxealdia ezarri zion Gasteizko epaitegiak apirilaren 23an.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak bideoak Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Feminismoa Erailketak Vitoria-Gasteizko kuadrilla albisteak