Itxi

2021/09/29

17:53

Gizartea

Sumendia La Palman

Labak delta handi bat sortu eta itsasoaren kolorea aldatu du

Agentziak | EITB Media

Laba itsasoari kentzen ari zaion tokia, automatikoki publiko bihurtzen da, hau da, Estatua da haren jabe. Ozeanoaren dekolorazioa gertatu da; izan ere, eremu urdin turkesa eta marroiak batzen dira, batez ere labatik gertu.

3:48
Laba itsasora heldu da. EFE
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

La Palmako erupzioaren labak "delta ikaragarri" bat osatu du. Gainera, inguruan itsasoaren kolorea aldatu da, sumendiko materialaren eraginez.

Eugenio Fraile Espainiako Ozeanografia Institutuko (IEO) kideak Ramon Magalef ontzitik azaldu duenez, laba modu lasaian itsasora erortzen ari da. Ontzia koladatik kilometro batera dago.

Sumendiaren materialak itsasoa ukitzen duen unean soilik sortzen dira gas hodei txikiak, baina haizeak eramaten ditu, eta azkar desegiten dira, zientzialariak zehaztu duenez.

Bestalde, errauts asko erortzen ari dela nabarmendu du Frailek. Horregatik, ontziaren ikerketarako tresneria estali behar izan dute.

Ozeanoaren dekolorazioa gertatu da; izan ere, eremu urdin turkesa eta marroiak batzen dira, batez ere labatik gertu.

Duela hamar urte Hierro uharteko erupzioan fenomeno berdina eman zela gogorarazi du zientzialariak. Itsaso azpiko sumendiak magma jariatzeari utzi zion arte, itsasoak kolore ezberdinak hartu zituen.

Adituak jakitera eman duenez, laba erori den tokian itsaslabarraren zati bat behera etorri da.

Laba itsasoari kentzen ari zaion tokia, automatikoki publiko bihurtzen da, hau da, Estatua da haren jabe. Kolada magmatikoak uhartean harrapatu dituen lursailek, ostera, pribatuak izaten jarraituko dute.

0:45

Etxetik ez ateratzeko eskatu diete Tazacorteko biztanleei

La Palmako Kabildoak asteazken honetan Tazacorten, sumendiaren laba itsasora iritsi den herrian, konfinatutako bizilagunei etxetik ez ateratzeko eta bazterketa-eremutik kanpo mantentzeko gomendatu die, eta ebakuatutako eremuetara sartzea debekatuko dutela gaineratu du.

Sare sozialetan, La Palmako agintariek adierazi dute Puerto Naosen, El Remon eta Las Hoyasen lursailak dituzten nekazariei debekatuko zaiela lurrok ureztatzea, behin-behinean.

Gainera, Kanarietako Larrialdi Bolkanikoen Planak (Pevolca) gogorarazi duenez, errauts bolkanikoek eragina izan dezakete osasunean, bai arnasketan, bai begien eta azalaren narritaduran, besteak beste.

Hala ere, La Palmako Kabildoaren esanetan, erupzioak ez du eraginik izan uharteko airearen kalitatean, "arnasa hartzeko modukoa baita". Sare sozialetatik jakinarazi duenez, gasen presentzia neurtzeko gailuek ez dute kaltegarritzat jotzen den baliorik erregistratu.

Suntsiketa

Copernicus satelite sistema europarraren azken zenbaketaren arabera, 744 eraikin harrapatu ditu labak, eta horietako 656 suntsitu ditu.

Labak 267,5 hektareako azalera hartu du, eta 23,1 kilometro errepideri eragin dio; horietako 21,5 suntsitu ditu, irailaren 28ko zenbaketaren arabera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;