Gizartea -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Lehendakariak asteartean utzi lezake bertan behera covid-19aren osasun larrialdia

Iñigo Urkulluk iragarri duenez, pandemiaren bilakaera positiboa bada, Euskadin indarrean dauden murrizketa gehienak bertan behera gera litezke.

Iñigo Urkullu
Iñigo Urkullu
Urkullu lehendakariak astearte honetan osasun larrialdia bertan behera uztea aurreikusi du

2:02

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, pandemiaren bilakaera positiboa bada, Euskadiko osasun larrialdia bertan behera uztea proposatuko du astearte honetan Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordeak egingo duen bileran.

"Egoera pandemiko batetik endemiko batera pasatzen ari gara, eta horrek urrats berri bat ematea ahalbidetzen du", azpimarratu du ostiral honetan Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideari erantzunez; izan ere, covid-19aren pandemiaren bilakaeraren aurrean egindako aurreikuspenen inguruan galdetu dio lehendakariari.

Urkulluk azaldu duenez, LABIri aholkularitza ematen dion Batzorde Zientifiko-Teknikoak ostegun honetan zehaztu zuenez, "trantsizio garaia bete da aro normalizatua berreskuratzeko, eta, beraz, fase berri honetara igaro daiteke".

"Testuinguru horretan, eta helburuak betetzen ari garenez, bilakaera epidemiologikoa aztertzen jarraituko dugu. Datozen egunetan orain arteko bilakaera positiboarekin jarraituko bagenu, osasun larrialdiaren amaiera ezartzen duen dekretuari ekitea nahiko nuke", esan du Urkulluk.

"Egoerak hobera egin du, zalantzarik gabe, eta horrek ez ditu, nolanahi ere, ezkutuko zalantza eta mehatxu guztiak uxatzen. Hori dela eta, pandemia globala amaitu arte, beharrezkotzat jotzen du eguneroko analisi epidemiologikoari eustea, adierazle desberdinen joera sendotzen dela egiaztatzeko eta birusaren aldaeren bilakaera behatzeko", gaineratu du.

Bilakaera positiboa

Azken asteetan pandemiaren bilakaera positiboa izaten ari dela azpimarratu du Urkulluk; izan ere, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 73 egunez jarraian jaisten ari da. Azaldu duenez, uztailaren 30ean 100.000 biztanleko 873 kasu erregistratu zituzten Euskadin, eta gaur egun 80 kasutik behera daude.

Halaber, zainketa intentsiboetako unitateetan okupazio handiena abuztuaren 22an izan zen, 82 ohe okupatuta, eta gaur egun 40 ingurukoa da. Txertoari dagokionez, 12 urtetik gorako biztanleen % 90ek txertoaren dosi bat jaso dutela esan du, eta % 88,5ek, berriz, pauta osoa.

"Datu horiek bat datoz pandemiak Europa osoan izan duen eta izaten ari den bilakaerarekin. Beheranzko joera da, egonkorra eta iraunkorra. Egoera ezberdin batean gaude, eta, beraz, erantzun desberdinak eman behar dira", adierazi du.

Neurri murriztaile gehienak bertan behera gelditu daitezke

Lehendakaritzako iturrien esanetan, larrialdi egoera desaktibatzeak neurri murriztaile gehienak bertan behera uztea eta "neurri oso zehatzak eta puntualak" mantentzea ekarriko du.

Horien artean ez dago maskararen desagerpena, barrualdeetan eta kanpoaldeetan erabiltzeko betebeharra ez baita desagertzen, segurtasun-distantzia betetzen ez bada, neurri hori Espainiako Gobernuaren eskumena baita.

Larrialdiaren amaierak esan nahi du, halaber, euskal pandemiaren aurkako legea bertan behera geratzen dela eta asteartekoa izango dela Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen azken bilera.

Pandemia hasi zenetik 19. dekretua sinatuko ditu lehendakariak asteartean. Salbuespenezko egoera hori amaitutakoan, pandemiaren kudeaketa Osasun Sailaren esku geratuko da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EAE albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa LABI Osasun larrialdia