Gizartea -

Adinekoen nazioarteko eguna

Pentsiodunak eta Babestu kalera atera dira adinekoen egoitzetan zaintza duina eskatzeko

Bilbon egin duten manifestazio batean, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak eta erresidentzietako egoiliarren senitartekoen elkarteak salatu dute egoitzak "isolamendu zentro" bilakatu direla.

Bilbo erdigunea zeharkatu du manifestazioak. Argazkia: EFE
Bilbo erdigunea zeharkatu du manifestazioak.
Bilbo erdigunea zeharkatu du manifestazioak. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak eta Babestu adinekoen egoitzetako egoiliarren senitartekoen elkarteak manifestazioa egin dute gaur Bilbon Adinekoen nazioarteko eguna dela eta. Erresidentzietako egoiliarrek merezitako zaintza duina aldarrikatu dute, "Eskubideak ez dira adinarekin iraungitzen" lelopean.

Ehunka lagun batu dituen manifestazioak Bilboko erdigunea zeharkatu du. "SOS zahar egoitzak eta zaintza", "Osakidetzan murrizketarik ez: inbertsio eta langile gehiago" edota "Zaintza duina. Menpekotasuna arretarako sare publiko unibertsala" bezalako leloak irakur zitezkeen pankartak eraman dituzte.

Martxa Bilboko Udaletxean abiatu da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan bukatu. Bertan manifestua irakurri dute parte hartzaileek. Salatu dutenez, "kezka handia" dute "adinekoen egoitzetako, pribatuak zein publikoak, egoiliarren bizi baldintzek okerrera egin dutela eta" eta atzemandako "gabezi handiak" kritikatu dituzte. Asteon jakin da Donostiako Txara 1 zentroan irregulartasunak hauteman dituela Gipuzkoako Foru Aldundiak; langileek irregulartasun horiek orokorrak direla salatu dute.

Salaketa horien aurrean Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak duten "diskurtso harroputzak" ere jomugan izan dituzte. Salatu dutenez, "zenbait administrazioren pribatizazioek eta irabazi-asmoek negozio eta irabazi eredu bat ekarri dute, errentagarritasun ekonomikoa bilatzen duten merkataritza irizpideetan oinarriturik". Horrek guztiak ez dio "zerbitzuen gizarte-eskariari erantzuten, ezta erabiltzaileen eta langileen beharrei ere".

Pandemiak egoera are gehiago kaskartu du eta egoitzak "isolamendu zentro" bihurtu ditu, eta "bertan pertsonen eskubideak urratzen jarraitzen dute", azpimarratu dute. 

Babesturen ustez, "kartzelako sistema"  da EAEko egoitzena

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Iraide Urriz Babestuko bozeramaileak salatu du zahar egoitzetako batzuetako erabiltzaileek 15 hilabete daramatzatela "isolatuta", eta beste batzuetan senitartekoak astean hirutan bakarrik joan ahal direla bisitan, ordubetez.

"Kartzelako sistema bat da, jasangaitz bihurtu dena", adierazi du, eta "orain ez dagoen zaintza duina" galdegin du. Halaber, Gipuzkoako egoitzetan salatutako irregulartasunak Bizkaiko eta Arabako zentroetan ere gertatzen direla. Izan ere, gogorarazi duenez, langile kopuruari dagokionez, 1998an ezarritako ratio berak daudela gaur egun.

Jon Fanok ere (Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua) erresidentzietan bizi diren adinekoen egoera "latza" salatu du eta pentsio publiko duin eta kalitatezko batzuk eskatu ditu, beste behin. 

Bilbon ez ezik, Gasteizen, Donostian eta Iruñean ere manifestazioak daude deituta gaurko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Manifestazioak Pentsioak Bizkaiko Foru Aldundia azken ordukoa