Gizartea -
MANIFESTAZIOA
Onkologikoa Osakidetzan erabat txertatzeko eskatu dute langileek Donostian
Batetik, minbiziaren kontrako osasun zentroa desegiten ari direla salatu dute, eta bestetik, langileak sare publikoan barneratzeko eskatu dute.
XABIER URTEAGA | EITB MEDIA
Onkologikoa "bizirik" nahi dutela aldarrikatu dute bertako langileek larunbat goizean Donostian egindako manifestazioan. Minbiziaren prebentzio, diagnostiko eta tratamenduan erreferentzia den zentroa sare publikoari erabat lotzea eta bere izaera eta langileen etorkizuna bermatzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Kutxa Fundazioari.
Onkologikoa Osakidetzaren sare publikoan sartzeko prozesua abiatu eta bi urtera zehaztu beharreko bi gai daudela oraindik esan dute langileek: lehena, Onkologikoaren eredua; eta bigarrena, langileen etorkizuna.
Osasun zentroaren ereduari dagokionez, minbizia tratatzeko "zentro monografiko izaera galtzen" ari dela salatu dute. Jon Galfarsoro Langile Batzordeko idazkariak azaldu duenez, "2019an Analisi Klinikoen eta Anatomia Patologikoaren zerbitzuak kendu ziren, eta, ondoren, Endoskopien bi gelak. Onkologikoko Bular Unitatea ere badirudi desegin egin nahi dutela, eta ondorioz, Onkologikoko kirurgia kimioterapia emateko gailuak jartzera mugatzen ari da, eta pixkanaka bularreko kirurgia eta digestio-sistema desagertzen ari da".
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza Onkologikoa "desegiten" ari dela salatu dute langileek eta horren erakusle direla, besteak beste, ospitalizazioa %20ra murriztu izana eta kirofanoen erabilera murritza.
Langileei dagokienez, Osakidetzako lan kontratudunak izatea eskatu dute, eta urrats hori egiteko aurrekariak badaudela ekarri dute gogora.
Langile Batzordeak deitutako manifestazioa Eusko Jaurlaritza Donostian duen ordezkaritzaren aurrean amaitu da eta protestarekin bat egin dute, besteak beste, erietxeko erabiltzaileen batzordeak, LAB sindikatuak, EH Bilduk, Ezker Anitzak eta Podemos-Ahal duguk.