Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Irun berdez margotu da
Gipuzkoako udalerria izurriaren transmisio "txikiko" gunera pasatu izana da astearte honetako aldaketa bakarra.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Irun udalerri berde da gaurtik, 60ko langatik behera baitu bere intzidentzia metatua (59 puntu), covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera.
Arabak 10 positibo berri baino ez ditu zenbatu, eta gune berdean jarraitzen du. Dena dela, bezperatik ez du bere intzidentzia metatua jaisterik izan (57 kasutan jarraitzen du 100.000 biztanleko). Agurain eta Gasteiz, berriz, horiz margotuta daude oraindik, hiriburua 60ko langatik jaisteko zorian dagoen arren (62 kasu). Laudiok eta Amurriok berdeari eutsi diote.
Bizkaiak aurrea hartu dio Arabari, eta intzidentzia-tasa metatu txikiena duen lurraldea da orain (56 kasu 100.000 biztanleko). Ondarroak laranjaz margotuta jarraitzen du; EAE osoan eremu horretan dagoen udalerri bakarra da.
Hori, berriz, honako hauek daude: Abadiño, Arrigorriaga, Balmaseda, Barakaldo, Derio, Durango, Elorrio, Gorliz eta Lekeitio.
Eremu berdean ere ez da aldaketarik izan. Honakoek osatzen dute zerrenda: Abanto, Basauri, Berango, Bermeo, Bilbo, Erandio, Ermua, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo, Gueñes, Getxo, Leioa, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapagaran, Zalla eta Zornotza.
Gipuzkoak horiz jarraitzen du, ez baitu lortu intzidentzia tasa jaistea (bezperan bezala, 68 kasutan dago 100.000 biztanleko).
Lurraldearen kolore berarekin, bestalde, honako udalerri hauek daude: Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Beasain, Lasarte-Oria, Mutriku, Ordizia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona eta Zarautz.
Esan bezala, Irunen hobera egin du egoerak, eta berdez ageri da orain. Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Deba, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Oñati, Orio, Pasaia, Usurbil, Zumaia eta Zumarraga ere transmisio "txikiko" eremu horretan daude.
EAEko udalerri handi bakar bat ere ez dago eremu gorrian.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.