Gizartea -
UNIBERTSITATEA
EHUk ikasleei gogorarazi die ezin direla jaiak egin campusetan, sareetan zabaldu den deialdi bati erantzunez
Euskal Herriko Unibertsitateak bere komunitateari bidali dion mezuan gaineratu duenez, debekatuta dago kalean alkohola edatea ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) mezu bat zabaldu berri du bere komunitateko kideen artean campusetan jaiak ezin direla egin gogoratuz. Osasun larrialdia bertan behera gelditu eta sare sozialetan zabaldu den deialdi baten ondotik etorri da mezua. Antza denez, ostiralean, 19:00etan, Leioako campusean batzeko deia egin dute.
Europa Press albiste agentziak eskuratu ahal izan duen testuan EHUk gaineratu duenez, egungo legediaren baitan debekatuta dago kalean alkohola edatea ere.
Gauzak horrela, unibertsitateko espazioen erabilera egokia egitea eta campusak babesten laguntzea eskatu die ikasleei.
Ostegun honetatik aurrera bertan behera geldituko dira egun koronabirusaren hedatzea geldiarazteko indarrean dauden neurri murriztaile gehienak. Esaterako, tabernetako barran kontsumitu ahalko da eta ez da aforo mugarik izango ostalaritza, merkataritza eta kultura ekitaldietan, espazio itxietan egiten diren ekitaldi handietan salbu. 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan % 80eko edukiera muga izango da. Halaber, maskara erabiltzen jarraituko beharko da barrualdean, baita kanpoldean ere pertsonen arteko distantzia mantendu ezin den kasuetan.