Gizartea -
Trafikoa
Jaurlaritzak 455.000 joan-etorri aurreikusi ditu zubi honetan, iaz baino % 21,4 gehiago
Desplazamenduen erdiak A-8an, Kantabriarako noranzkoan, espero ditu Trafiko Zuzendaritzak. Bestalde, Iparralderantz 110.000tik gora eta Armiñongo lotunean 125.000tik gora izango direla uste du.
Agentziak | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 455.000 joan-etorri aurreikusi ditu urriko zubi honetarako, 2020ko zubian baino % 21,4 gehiago (orduko hartan ere ez zeuden mugikortasun murrizketarik).
Zehazki, ostiraletik hasita asteartera arte, A-8an, Kantabriarako noranzkoan, 220.000 joan-etorritik gora izango direla espero du Trafiko Zuzendaritzak, eta Biriatun Iparralderantz (AP-8) 110.000tik gora, eta Armiñongo lotunean (AP-1) 125.000 baino gehiago.
2020an, Kantabriako noranzkoan ia 175.000 joan-etorri erregistratu ziren, 2019an baino % 19 gutxiago. Iparralderako mugan, AP-8an, Biriatun, 85.750 joan-etorri izan ziren, aurreko urtean baino % 2 gutxiago. Bestalde, Armiñongo lotunean 2020an ia 114.000 joan-etorri zenbatu zituzten, 2019an baino % 5 gutxiago.
Iaz, zubiko lau egunetan (urriaren 9tik 12ra bitartean) Ertzaintzak guztira 98 trafiko istripu erregistratu zituen Euskadiko errepideetan, eta hildakorik izan ez zen arren, guztira bi zauritu larri izan ziren. 2019an asteburu soila izan zen (urriaren 10etik 13ra) eta istripu gutxiago (62) gertatu ziren arren, bi pertsona hil ziren eta beste 8 larri zauritu ziren.
Aurtengo urtearen parekoa 2017koa izan zen. Urte hartan, aurten bezala, 5 jaieguneko zubia izan zen, eta 90 istripu gertatu ziren eta 8 pertsona larri zauritu ziren eta ez zen hildakorik izan.
Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak aitortu duenez, baliteke jendea irteteko gogoarekin izatea, murrizketak amaitu direla eta, baina kontuz ibiltzeko eskatu du, "garrantzitsua etxera onik heltzea baita".
Ertzaintzak dispositibo berezia jarriko du, eta punturik korapilotsuenetan kontrolak ezarriko ditu.