Gizartea -

Koronabirusa

Indarrean sartu da EAEko hezkuntza arloko osasun protokolo berria

6-12 urteko haurrek beti eraman beharko dute maskara ikastetxean, baina DBH eta Batxilergoko ikasleek (12 urtetik gora) kendu ahalko dute aire zabalean besteekiko 1,5 metroko distantzia gorde ahal bada edo "kanpoaldean jarduera fisiko bizia" egiten ari badira.

Haurrak eskolara bidean. Argazkia: Efe
Haurrak eskolara bidean. Argazkia: Efe
Gaurtik hasita, malguagoak dira neurriak EAEko ikastetxeetan

1:16

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan, urriak 11, sartu da indarrean Eusko Jaurlaritzak EAEko ikastetxeei ia murrizketarik gabeko aro berri honetan ezarri dien covid-19aren aurrean jarduteko protokolo berria. Ikastetxe gehienetan ez da eskolarik egongo astezkenera arte, baina ofizialki astea hastearekin batera egokituko dira neurriak.

Arauak ez du aldaketarik ekarriko maskararen erabilerari dagokionez, eta sei urtetik gorako umeek (txikiagoak salbuetsita daude) "nahitaez" erabili beharko dute "espazio guztietan eta une oro"

Horrenbestez, aire librean zein barrualdeetan, oro har, babes jantzia soinean eraman beharko dute haurrek. Dena dela, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) eta Batxilergoko ikasleei dagokienez ñabardura jaso du protokolo berriak. 12 urtetik gorako ikasle asko txertatuta daudela kontuan hartuta, nerabeentzat ez da derrigorrezkoa izango aire zabalean beste kideekiko 1,5 metroko segurtasun distantzia gorde ahal bada, ezta "elikagaiak eta edariak hartzen eta kanpoaldean jarduera fisiko bizia egiten ari badira ere".

Segurtasun distantziari dagokionez, moldaketa egin du Hezkuntza Sailak, eta aurrerantzean 1,20 metrokoa izango da, 1,50ekoa izan beharrean. Bi salbuespen egongo dira: aurrenekoa, musika-eskoletan, haize-instrumentuak jotzeko (musukoarekin bateraezina da) 1,50ekoa izaten jarraitu beharko du; bestea, aipatutakoa, DBHko ikasleek aire zabalean maskara kentzeko hautua egiten dutenean (hor ere metro eta erdikoa beharko du).

Lehen Hezkuntzan aldaketa bakarra Bizikidetza Egonkorreko Taldeetan ('burbuila taldeak' deitutakoak) egin du Bildarratz buru duen Sailak. Aurrerantzean, jolastokian (ez ikasgela barruan) mailaka egon ahalko dira haurrak, eta ez gelaka orain arte bezala. Haur Hezkuntzan gela bereko ikasle eta irakasleek osatuko dute 'burbuila taldea', aurreko protokoloan bezala.

Gernika-Lumoko San Fidel ikastola izan da Hezkuntzako Protokolo berria ezartzen aurrenetako bat. Goizane Laiseka irakasle eta zuzendaritzako kideak nabarmendu duenez, "0 eta 12 urte arteko tartean dago arrisku gehien". Horren hitzetan, "hamaiketakoan berdin jarraituko dugu, baina ez dugu maskara patioan kenduko".

Goizane Laiseka, irakaslea: "Hamaiketakoan berdin jarraituko dugu, baina ez dugu maskara patioan kenduko"
Goizane Laiseka, irakaslea: "Hamaiketakoan berdin jarraituko dugu, baina ez dugu maskara patioan kenduko"
Goizane Laiseka, irakaslea: "Hamaiketakoan berdin jarraituko dugu, baina ez dugu maskara patioan kenduko"

3:30

Azkenik, irakasleen eta familien bilera guztiak aurrez aurre egiteko aukera zabaldu du Jaurlaritzak, betiere higiene eta aireztapen neurriak gordeta.

Gainerakoan, ikasturte hasieran zehaztutako prebentzio neurriei eutsi die protokolo berriak.

Etsipena eskoletan

Protolo eguneratuaren aurrean, etsita agertu dira Hezkuntzako eragileak, neurri gehienak ez direlako arindu. Orokorrean, eskoletako zuzendariak eta gurasoak pozik agertu dira burbuilak kentzeko erabakiarekin, baina beste neurriak (musukoaren erabilera, bereziki) ez arintzea deitoratu dute. Hurrengo hilabeteetan protokoloan aldaketa gehiago egitea espero dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Euskal Eskola Publikoa Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Hezkuntzako albisteak 2024 Nerabezaroa albisteak Koronabirusaren olatua gaur Maskarak