Gizartea -

eguraldia

Zubia fresko eta eguzkitsu dator, 20 ºC inguruko tenperatura maximoekin

Tenperaturek behera egitera joko dute azken orduetan, baina oskarbi egongo da aste osoan zehar.

Udazken-koloreak Goardian. Argazkia: Josune Ugarte
Udazken-koloreak Goardian. Argazkia: Josune Ugarte
Udazken-koloreak Goardian. Argazkia: Josune Ugarte

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pilarreko zubia fresko dator, baina eguzkitsu, udazken garaiko ohiko tenperaturekin. Maximoak 20 ºC-ren inguruan egongo dira lurralde osoan, baina eguneko lehen eta azken orduetan behera egitera joko dute, 10 ºC azpitik.

Hala, Euskalmeten arabera, lanbro eta laino trinkoak espero dira asteleheneko lehen orduetarako, eta barrualdeko puntuetan, Araban bereziki, nekez altxatuko dira. Iparraldean ere, behe-hodeiak agertuko dira. Goizean oskarbitzera joko du eta arratsalde eguzkitsua izango dugu, eta tenperatura maximoak 20 ºC-ren bueltan ibiliko dira. Hego-ekialdeko haize freskoa nabarituko da goizeko lehen orduetan. Egunaren amaiera aldera, berriz, tenperaturek azkar egingo dute behera.

Itsasoaren egoerari dagokionez, itsaskirria izango da, eta hondoko itsasoak metro erdi eta metro bitarteko olatuak altxatuko ditu. Haizeak indarrez joko du mendebaldetik lehen orduetan, eta iparralderantz aldatuko da erdiko orduetan.

Astearterako ez da aldaketa handirik espero: eguna behe-lainoekin hasiko dugu barrualdean, eta tenperatura hotzekin. Lainoa desagertu orduko, oskarbi egongo da, baina isurialde atlantikoan behe-hodeiak ager daitezke tarteka, arratsaldean bereziki. Tenperatura maximoak ere ez dira gehiegi aldatuko. Ipar-haizeak indarra hartuko du arratsalde partera.

Asteko gainerako egunak ere oskarbi datoz. Beraz, eguraldia alde izango dugu murrizketarik gabeko lehen zubi honetan.

Eguraldiaren inguruko informazio gehiago ikus dezakezu gure iragarpenean, eta paisaien argazkiak bidal ditzakezu bertara.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Eguraldia Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Oporrak umeekin