Gizartea -
Iragarpena
Astea giro atseginarekin hasiko dugu
Astelehenean eguraldiak hobera joko du: eguzkia izango dugu hizpide eta tenperaturak epelak mantenduko dira.
Erredakzioa
Astearen hasierarako eguraldi atsegina datorkigu, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera. Astelehenaren lehenengo patean zeruan hodeiak eta urdinguneak izango dira, eta laino horiek tantaren bat utz dezakete kantaurialdean, horretarako aukera txikia bada ere. Eguerdian hodeiak desegingo dira, eta arratsalderako zerua hodei gutxirekin geratuko zaigu.
Gauean lainoak ugaritu daitezke berriro, baina erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira oraingoan, eta ez dute euririk ekarriko. Iparraldeko haizea ibiliko da hasieran, arratsaldetik aurrera ipar-ekialdekoa. Tenperatura minimoek behera egingo dute; maximoetan, berriz, aldaketarik ez.
Asteartean eguraldi polita edukiko dugu. Goizean goiz lanbroa sor daitekeen arren, giroa eguzkitsua izango da edonon; tarteka erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko dira, baina eguzkiak zeruan jaun eta jabe izaten jarraituko du. Hodeitza txikiagoa izango denez, tenperatura minimoak jaitsi eta barnealdeko zenbait tokitan izotza egingo du. Zerua hodei gutxirekin izanagatik, tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik espero. Haizeak eki/ipar-ekialdetik joko du gauera arte, orduan hego-ekialdeko haizea ibiliko da.