Gizartea -

Pobrezia Nafarroan

Nafarroa da pobrezia arrisku txikiena duen autonomia erkidegoa, nahiz eta gorantza doan

Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko V. txostenaren arabera prekarietate-egoera horrek adin txikikoei, atzerritarrei eta emakumeei eragiten die gehien.

Luis Campos, Carmen Maeztu eta Antidio Martinez de Lizarrondo (ezk-esk). Arg: Nafarroako Gobernua
Luis Campos, Carmen Maeztu eta Antidio Martinez de Lizarrondo (ezk-esk).
Luis Campos, Carmen Maeztu eta Antidio Martinez de Lizarrondo (ezk-esk). Arg: Nafarroako Gobernua

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroa zen, Covid aroaren aurretik, Espainiako Estatuan pobrezia-arrisku txikiena zuen erkidegoa, eta hamarrena Europan, nahiz eta tasa horrek gora egin duen aurreko urtearekin alderatuta. Prekarietate-egoera horrek adin txikikoei, atzerritarrei eta emakumeei eragiten die gehien.

Hala erakusten du Gizarte Politiken Plangintza eta Ebaluaziorako Errealitate Sozialaren Behatokiak egin duen Nafarroako pobreziari eta desberdintasun sozialari buruzko V. txostenak. Txosten hori gaur goizean aurkeztu dute Carmen Maeztu Eskubide Sozialen kontseilariak, Luis Campos behatokiko zuzendari nagusiak eta Antidio Martinez de Lizarrondo atalburuak.

"Gure pobrezia eta desberdintasun maila txikia Nafarroako adierazlerik onena da Europarekin alderatzen garenean, garapen ekonomikoren gainetik", esan du sailburuak, eta datu hori "oso pozgarria" dela esan du, AROPE tasak 2020ko parametro batzuk ematen dituelako, nahiz eta datu ekonomikoak 2019koak diren.

Txosten horrek erakusten duenez, "Nafarroak ezberdintasun eta pobrezia maila baxuei eutsi die, pixka bat gora egin duten arren"; izan ere, pobrezia erlatiboa hamarren bat jaitsi den bitartean, pobrezia larria hamarren bat hazi da, 2019ko Nafarroako Errenta Estatistikaren arabera.

Adingabeak, emakumeak eta atzerritarrak

Nafarroako Biztanleriaren Errentaren 2019ko Estatistikaren arabera, Camposek zehaztu duenez, emakumeek eta 16 urtetik beherakoek pobrezia larriko tasa altuagoak dituzte, eta 65 urtetik gorakoen artean dagoen aldea nabarmenagoa da.

Emakumeen artean % 11,9koa da bataz bestekoa, eta gizonen artean % 10,6koa; haur-pobreziak eutsi egin dio aurreko urteko % 18,2ko tasari, % 11,3ko batez bestekoa baino askoz handiagoa da.

Pobrezia larria 65 urtetik gorakoen artean da txikiena, % 4,4koa; kontseilariaren ustez, hori "azken urteetako erretiro-pentsioen hobekuntzarekin eta Nafarroako Gobernuak pentsio baxuetarako aplikatzen dituen osagarriekin" oso lotuta dago.

Camposen arabera, "jatorria funtsezko faktorea da pobrezia pairatzeko orduan"; izan ere, pobrezia arriskuan daude jatorri atzerritarreko hamar pertsonatik sei (% 58,9) eta espainiar nazionalitatea duten pertsonen % 16,3.

16 urtetik beherakoei ere eragiten die horrek, eta pobrezia-arriskua dute atzerriko jatorriko lau haur eta nerabetik hiruk; espainiar jatorriko lautik batek du arrisku hori. 

Gizarte-zerbitzuen arloen arabera, egoera oso antzekoa da 2018arekin alderatuta, eta Nafarroako iparraldearen eta hegoaldearen arteko aldeak nabarmentzen dira, Ipar-mendebaldean pobrezia larria % 7,5koa da; Tutera inguruan, aldiz, % 15,7koa.

Aurreikuspenak eta indizeak

Txosten horrek, argitu dutenez, Covid-19aren aurreko egoera marrazten du, baina Camposek adierazi duenez, "pobreziak ere ekonomiak edo lan-merkatuak dituen joerei jarraitzea aurreikusten da", datozen bi urtetan espero da krisiaren etaparik gogorrenarekin bat datorren gorakada handia izatea eta bat-bateko hobekuntza gero.

Azterketa hori datu eguneratuagoekin bat dator, hala nola Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familien kopuruarekin; izan ere, 2020an % 5 igo ziren 2019arekin alderatuta, baina azken hilabeteetan beheranzko joera hartu dute, sailburuak azaldu duenez.

Ikerketan Gini koefizientea ere agertzen da, Martinezek azaldu duenez, lurralde bateko desberdintasuna neurtzen duena eta aurreko urtearekin alderatuta % 3 igo da. Hala ere, Nafarroa Espainiako bigarren erkidego parekideena da (% 27,3), eta Balear Uharteek soilik gainditzen dute, estatuko batez besteko % 32,1etik edo EBko % 30,7tik behera.

Era berean, desberdintasuna aztertu da S80/S20 koefizientearen bidez; koefiziente horrek gehien kobratzen duen % 20aren eta gutxien kobratzen duen % 20aren arteko aldea adierazten du, eta 2018ko 3,8tik 2019ko 4,4ra igo da, baina Nafarroa da oraindik ondoen dagoen erkidegoa, Espainiako batez bestekoaren 5,8aren eta Europako 5,1aren azpitik baitago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nafarroa Gizarte zerbitzuak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua