Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Askatasun sexuala bermatzeko legea tramitatuko dute Kongresuan, PPren eta Voxen osoko zuzenketak baztertuta
Lege-proiektuak Zigor Kodea erreformatzea aurreikusten du, emakumeen aurkako delitu sexualak epaitzerakoan biktimak baimena eman duen kontuan izan dadin eta 'abusua' eta 'erasoa' kontzeptuen arteko bereizketa kentzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Askatasun sexuala bermatzeko lege-proiektua tramitatzen hasiko dira Espainiako Kongresuan, Alderdi Popularrak eta Voxek ekimen horren aurka aurkeztutako osoko zuzenketak baztertu ostean.
Parlamentuko gainerako talde guztiak Berdintasun eta Justizia ministerioek elkarlanean landutako egitasmoaren alde agertu dira. Alabaina, alderdi askok iragarri dute hainbat zuzenketa aurkeztuko dituztela. PSOEk, esaterako, prostituzioa abolitzeko proposamen bat landuko duela aurreratu du.
Lege-proiektuaren arabera, Zigor Kodea erreformatuko dute "bakarrik bai da bai" kontzeptua sartzeko. Hala, emakumeen aurkako delitu sexualak epaitzerakoan biktimak baimena eman zuen hartuko da kontuan. Gainera, 'abusua' eta 'erasoa' kontzeptuen arteko bereizketa kenduko dute, eta biktimari dagozkion hainbat eskubide bilduko ditu arau berriak.
Irene Montero Berdintasun ministroak askatasun sexuala bermatzeko legearen beharra aldarrikatu du, indarkeria matxistaren biktimentzat ezinbestekoa dela azpimarratuta: "Gobernu honek, Estatu honek, sinesten dizute, eta lege hau hasiera baino ez da. Etorkizuna feminista izango da eta soilik bai da bai".
"Beldurrez, bakardadean eta inork sinetsi gabe hainbat urtez egon ostean, emakumeei esan behar zaie behingoz beraien testigantzak eta esperientziak kontuan izango direla. Azkenean ere, entzunak izango dira", erantsi du.