Itxi

2021/10/18

12:16

Gizartea

Gripearen kanpaina

Gripearen aurkako txertaketa kanpaina hasi da EAEn, arrisku handieneko herritarrekin

A.S. | T.S.J. | EITB MEDIA

70 urte edo gehiago dituzten eta covid-19aren aurkako txertoa duela sei hilabete jaso dutenek gripearen eta koronabirusaren aurkako txertoaren hirugarren dosia egun berean hartu ahalko dute. Nafarroan ere urriko bigarren hamabostaldian hasiko da txertaketa, data zehatzik jakinarazi ez badute ere.

0:51
Emakume bat gripearen aurkako txertoa jasotzen.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Gaur hasi da gripearen aurkako txertaketa kanpaina EAEn (aurreko astean hasi ziren egoitzetako erabiltzaileak txertatzen). Nafarroako Foru Erkidegoan ere urriaren bigarren hamabostaldian ekingo diote gripearen aurkako txertaketari, "hornidura arazorik egon ezean", Espainiako Osasun Ministerioak baieztatu duenez. Dena dela, ez dute oraindik data zehatzik aipatu.

Bai EAEn bai Nafarroan, txertoa jasotzen lehenak arrisku taldeko pertsonak izango dira; 65 urtetik gorakoak, patologiaren bat dutenak, haurdun dauden emakumeak eta osasun-langileak, gizarte-zerbitzuetakoak edo pertsona ahulak zaintzen dituztenak.

70 urte edo gehiago dituztenek gripearen aurkako txertoaren ziztada covid-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosiarekin batera jarri ahalko dute. Hori bai, horretarako bi baldintza bete behar dituzte: 70 urte edo gehiago izatea eta azken dosia jaso zuenetik gutxienez sei hilabete igaro izana.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragan ostegunean aurkeztu zuen 2021eko udazken-neguko gripearen aurkako txertaketa kanpaina, Orain gripeak ez gaitzala banandu. Txertatu lelopean. Txertoa hartzeko hitzordua eskatzeko bi bide daude erabilgarri: Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta.

Gripearen aurkako txertaketa kanpainaren kartela

Gripearen aurkako txertaketa kanpainaren kartela

Arrisku taldekoak ez direnek eta txertoa hartu nahi dutenek ere horretarako aukera izango dute, baina azaroaren 15era arte itxaron beharko dute.

"Euskal gizartea heldua eta arduratsua da", esan zuen Sagarduik, eta 2020ko kanpainan gripearen aurkako txertoa 2019koan baino % 34 gehiago jarri zituztela jakinarazi. Hori dela eta, sailburuak azpimarratu zuen gripeari aurre egiteko dugun babes neurri nagusia dela txertoa, eta, horregatik, txertoa hartzera deitu zituen herritarrak.

Guztira 651.333 dosi erosi dituzte, eta berritasun gisa, Sagarduik azaldu zuen kanpaina honetan txertatuko den txertoa tetrabalentea izango dela, aldaera gehiagoren aurkako babesa eskaintzen duena.

Dena dela, sailburuak esan zuenez, txertoa ez da gripetik babesten laguntzen digun neurri bakarra, eta covid-19tik babesteko neurriak kontuan izaten jarraitu behar dela azpimarratu zuen: jende pilaketak saihestu, eskuak maiz garbitu, eremu itxiak aireztatu eta musukoa erabili.

"Azken neurri hori azpimarratu nahi dut, eta hedabideei laguntza eskatu nahi dizuet", azaldu zuen. Hein handi batean musukoari esker, aurreko kanpainan iaz ia ez genuela griperik izan nabarmendu zuen. "Aurten ere berebiziko garrantzia du. Mesedez, erabili dezagun musukoa, batez ere eremu itxietan, eta bai ala bai gripe sintomak baditugu", esan zuen.

Covid-19aren aurkako babes-neurrien ondorioz, gripearen zirkulazioa nabarmen jaitsi zen joan den neguan, eta horrek esan nahi du taldean hartutako immunitatea galdu dela eta gaixotasun horrekiko sentikortasun handiagoa dagoela.

Hala, datorren gripe-denboraldia urtarrilaren amaieran iritsiko da gailurrera, eta baliteke lehenago eta kasu gehiagorekin hastea, nahiz eta zaila den aurreikuspenak egitea, eta, horregatik, arrisku-taldeentzako gomendio nagusia txertoa jartzea da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;