Gizartea -
Erlijoen historia
Nafarroako irakasle batek balizko ebanjelio apokrifo bat topatu du
Papiroa bi aldetik idatzita dago, eta horietako batean Jesusek egindako exorzismo baten kontakizuna dago.
Erredakzioa
Nafarroako Unibertsitateko irakasle batek ustezko ebanjelio apokrifo bat atzeman du Ingalaterran, Oxirrincon (Egipto) topatutako papiroen artean.
Papiroa Juan Chapa Nafarroako Unibertsitateko Teologia fakultateko dekano eta Testamendu Berriko irakasleak aurkitu eta editatu du. Zazpi zentimetrokoa da, bi aldetik idatzita dago, eta 22 lerrotako arrastoak ditu.
"Alde batean, Jesusek egindako exorzismo baten kontakizuna dago, eta horrek ez du parekorik lau ebanjelio kanonikoetan", esan du Chapak.
Adituaren esanetan, "exorzismo berria baino, badirudi beste ebanjelioetan aipatutakoen laburpena dela, eta horrek erakutsi egiten du ekintza hori garrantzitsua izan zela lehen kristauen artean".
Papiroaren beste aldean, Jesusek bere ikasleei zuzendutako hitzak daude. Chaparen esanetan, "jarraipen erradikala egiteko deia da, Jerusalem eta Erreinua aipatuta".
Adituak azaldu du oraindik ez dakiela zer-nolako garrantzia duen ustezko ebanjelioaren aurkikuntzak, baina "lehen bi mendeetako kristautasuna" ezagutzeko baliagarri izango dela uste du. Gainera, 200. urtean idatzita dagoela, eta garai hartako papiro gutxi daudela nabarmendu du.
Zer da ebanjelio apokrifo bat?
Chaparen esanetan, ebanjelio apokrifoak Testamendu Berriko lauekin (Mateo, Marcos, Lucas eta Juan) antza duten ebanjelioak dira.
Lau ebanjelio kanonikoak Elizak transmititutakoak dira, hots, garai apostolikoaren benetako adierazpen gisa onartuta daudenak.
"Gainerako ebanjelioak galdu egin ziren, ez baitzuten ekarpen berririk egin, edota hurak oinarri sortu zituztelako, doktrikaren bat zabaltzeko", esan du.