Gizartea -

Genero indarkeria nerabeengan

Nerabeen arteko genero indarkeria: normalizatua eta ezkutarazia

Save the Childrenek 'Ez da maitasuna' txostenean ohartarazi du nerabeen artean ere ugariak direla genero indarkeria kasuak eta rol sexisten errepikapenak. Fenomeno normalizatua da, ezkutarazia, eta biktimek (neskek) nahiz erasotzaileek (mutilek) euren burua halakotzat ez onartzeak larriagotua.

Mutil bat neska bati besotik heltzen. Argazkiak: Save the Children / Pablo Blazquez ©
Mutil bat neska bati besotik heltzen.
Mutil bat neska bati besotik heltzen. Argazkiak: Save the Children / Pablo Blazquez ©

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Genero indarkeriaren normalizazioa eta rol sexisten errepikapena gazteetan ere gertatzen da eta; ezkutuan igarotzen den arazoa da gainera Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak ohartarazi duenez. Gaur aurkeztu duen Ez da maitasuna txostenenean Espainiako Estatuan nerabeen artean dagoen genero indarkeriari buruzko politika, ikerketa eta datuak bildu dituzte eta azpimarra jarri dute 16 eta 17 urte bitarteko lau nesketatik batek jasaten duen indarkeria psikologiko eta kontrolak eurentzat dakartzan ondorio larrietan. 2019an Berdintasun Ministerioak egindako Genero Indarkeriako Makroinkestako datuak dira horiek. 

Erakundeak hauteman duenez, neskatoak eta 18 urtez beherako gazteak genero indarkeriaren kontrako kanpaina eta baliabideen fokutik at gelditzen direla maiz, baina baita haurren eta nerabeen kontrako indarkeriaren prebentziorako haietatik kanpo ere, egoera horretan daudenak are ezkutuago geldiaraziz. 

Nerabeen arteko genero indarkeriaren arrazoien inguruko informazio zabala biltzen du txostenak, hala nola, genero rolen kontzeptua eta eraketa edo maitasun erromantikoaren mitoak. Gainera, indarkeria matxistaren berezko ezaugarriei batzen zaizkien faktoreak ere zenbatzen ditu, gazteen arteko genero indarkeriak gertatzen direnak nagusiki, kontrola edo indarkeria gauzatzeko sare sozialen eta teknologia gailuen erabilera edo pornografiaren eragina, besteak beste. 

Un chico mirando el móvil de su pareja

Datu "kezkagarriak"

2020an Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) babes-neurriak eta/edo kautela-neurriak zituzten genero-indarkeriaren 29.000 biktima baino gehiago erregistratu zituen, eta horietatik 514 18 urtetik beherakoak ziren. Hori dela eta, Save the Childrenek azpimarratu du beharrezkoa dela 13 eta 17 urte bitarteko nerabeak kolektibo espezifiko gisa identifikatzea erakunde ofizialek arazoaren tamaina ezagutzeko egindako azterlan eta inkestetan izan ere, 2019ko Makroinkestak, esaterako, 16 urtetik aurrerako kasuak bakarrik zenbatzen ditu, hortik beherakoak ez ordea. 

2019ko Makroinkesta horretan jasotako datuen arabera, 16 eta 17 urte bitarteko neskatoen % 6,2 indarkeria fisikoa jasan dute euren bikote edo bikote ohien partetik, % 6,5ek sexu indarkeria pairatu dute, % 16,7k indarkeria emozionala eta % 24,9k indarkeria psikologikoa edo kontrola. 

Era beran, FAD Fundazioaren azken Gazteria eta Genero Barometroaren datuak ere "kezkagarriak" direla uste du erakundeak; izan ere, 15 eta 29 urte bitarteko 5 mutiletik batek uste du genero-indarkeria ez dela existitzen. "Negazionismo maila oso altua da eta hazten ari da", ohartarazi du Andres Conde Save the Childreneko zuzendari nagusiak. Izan ere, nerabeen arteko genero-indarkeriaren arazoa larriagotzen duen faktorea da, ez erasotzaileek (mutilek) ez biktimek (neskek) ez dutela euren burua halakotzat hartzen, ez dira jabetzen.

Conderen ustez, hori gertatzen da "genero ideologia" delakoa "izaera politikoko edo ideologikoko elementu" gisa hartzen baita gero eta gehiago gazteen artean. Horregatik, erakundeak argi du indarkeria mota honekin amaitu nahi bada, beharrezkoa dela nerabeak genero indarkeriako politika publikoetan aintzat hartzea, "prebentzio mailan batez ere", adin horretan modu oso indartsuan eratzen baita nortasuna, eta "eredu ere erreferenteak berrikusten ez badira, indarkeriazko jarrera eta patroiak errepikatzera bultzatzen ditugu gazteak, txikitatik ikasten baitituzte, eta bizi osoan eragin". 

Igualdad de género, dibujada en una pizarra

Esku-hartze integrala

Save the Childrenek eskatu du egun eskura dauden lege-tresnak erabiltzea arazo horri aurre egiteko, aurten onartutako Indarkeriaren aurrean Haurren eta Nerabeen Babes Integralari buruzko Lege Organikoa, Rhodes Legea gisa ezagun dena hartu du oinarri nagusitzat. "Legeak bere neurri guztiak administrazio maila guztietara hedatu behar ditu. Ezin da paper busti bihurtu", esan du Catalina Perazzo Save the Childreneko Gizarte Gertakarien eta Haurtzaro Politiken zuzendariak.

"Behin indarkeria gertatzen denean ere ezin gara haien ondotik aldendu", ohartarazi du gobernuz kanpoko erakundeak. "Baliabideak biktimen eta erasotzaileen behar eta errealitateetara egokitu behar dira: hizkuntza, komunikazio-estrategiak eta esku-hartzeak garai honetako berezitasunetara (eta zailtasunetara) eta indarkeria mota horren ezaugarri espezifikoetara egokitu behar dira", adierazi dute.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen dute ikastetxeetan eta institutuetan hezkuntza afektibo-sexualeko programak ezartzea edo indartzea, nerabeek beren burua biktima gisa identifikatzeko tresnak garatzea eta IKTen erabilera seguru eta arduratsua sustatzea.

Halaber, babes-politikak eta genero-ikuspegi argia duten jarduera-protokoloak eskatu dituzte; nerabe erasotzaileentzako berreziketa-programak; salaketa-mekanismo seguruak eta konfidentzialak; datu-erregistro espezifikoen garapena; sistema judiziala nerabeen beharretara egokitzea; eta informazio-, kontzientziazio- eta sentsibilizazio-kanpainak, nerabeak ahalduntzeko eta indarkeriatik urrun dauden rol positibo maskulinoak sustatzeko.

Neurri horiez guztiez gain, Perazzok azpimarratu du oso garrantzitsua dela aurrekontu-zuzkidura nahikoa izatea eta 2022ko Estatuko Aurrekontu Orokorretan islatzea; GKEak 155 milioi euro jotzen ditu beharrezko.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak Gazteak