Gizartea -
Indarkeria matxista
25 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen emaztea jotzeagatik
Udaltzainek kalean topatu zuten biktima, negarrez eta eskumako begian ubeldua eta bekaina odoletan zuela.
Agentziak | EITB MEDIA
Gasteizko Udaltzaingoak 25 urteko gizon bat atxilotu du emaztea kolpatzeagatik. Biktima kaleko jesarleku batean topatu zuten agenteek, bekaina odoletan eta eskumako begian ubeldua zuela.
Eraso matxista astearte goizean jazo zen bikoteak Alde Zaharrean partekatzen duen etxebizitzan. 13:00ak aldera, udaltzainek San Ignazio Loiolakoaren kalean aurkitu zuten biktima, negarrez eta oso urduri.
Emakumeak odoletan zegoen zauria zuen eskumako bekainean, eta begia bera ubeldua zeukan. Agenteei jakinarazi zienez, bikotekideak kolpatu zuen.
Udaltzaingoa bikotearen etxebizitzara joan zen, eta ustezko erasotzaileak eta lekuko batzuek esandakoa entzun ostean, atxilotu egin zuen genero indarkeriaren delitua leporatuta.