Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentziaren gorakadak olatu berri bat eta LABIren itzulera ez ekartzea espero duela esan du lehendakariak

Urkulluk gogorarazi du "duela 15 egun eskas" indarrik gabe utzi zela osasun larrialdiko egoera, eta pandemiaren egungo bilakaera "kezkagarria" dela.

Urkullu Euskadiko 2021-2024 Estrategia Soziosanitarioaren aurkezpenean. Argazkia: Irekia.
Urkullu Euskadiko 2021-2024 Estrategia Soziosanitarioaren aurkezpenean
Lehendakariak covidaren aurkako segurtasun neurriekin jarraitzeko deia egin du, seigarren olatu bat ekiditeko

1:21

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du pandemiak Euskadin izan duen bilakaera "kezkagarria" dela, duela hamabost egun osasun larrialdia indargabetu eta gero. Ildo horretan, adierazi du espero duela azken asteetako intzidentzia metatuaren gorakadak olatu berri bat ez ekartzea, ezta Babes Zibileko Planaren Kontseilua (LABI) berriro bildu behar ez izatea ere.

2021-2024 Euskadiko Estrategia Soziosanitarioaren aurkezpenean, covid-19aren egoera epidemiologikoaz arituta, Urkulluk gogora ekarri du "duela 15 egun eskas" indargabetu zutela osasun larrialdia, eta, gaineratu duenez, horren ostean, "intzidentzia-tasa metatua handitzen jarraitzen dugu", baina "ZIU oheetako egoera egonkorra da, eta, gainera, oso arina, oraingoz".

"Duela 15 egun esan genuen nahiago genukeela Babes Zibileko Planaren Kontseiluak kudeatu beharreko olatu-egoera batera itzuli behar ez izatea".

"Egia da ZIU oheen okupazio-maila erlaxatua dugula oraingoz, baina egia da, halaber, ospitaleko oheen okupazioa handitzen ari dela", adierazi du.

Lehendakariaren esanetan, "kezkagarriena oinarrizko birsorkuntza indizean ematen ari den egoera da".

Maskara patioetan mantenduko dute

Bestalde, 12 urtetik beherakoek patioetan maskara eramaten jarraitu beharko dute nahitaez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan duenez.

Sagarduiren hitzetan, birusak "bizirautea bilatzen du", eta "populazio ahulenetan bizitzea" lortzen du.

"Une honetan, 12 urtetik beherako haurrak dira ahulenetakoak, ez baitago pediatriako txertorik haientzat", horren arabera.

Horregatik, sailburuaren esanetan, ikastetxeetako jolastokietan haurrak "elkarren artean jolastu ezin izatea" saihestu behar da, "distantziak mantendu behar direlako" maskararik ez badaramate. "Lagundu diezaiegun!", esan du.

Sailburuak azaldu duenez, maskara erabiltzea prebentzio-neurrietako bat da "guztiontzat, kutsatzea eta birusa hedatzea saihesteko". Horregatik, 12 urtetik beherako haurrek jolastokietan eraman behar dutela uste du, "babesteko". "Normaltasuna mantentzen saiatzen ari gara", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iñigo Urkullu Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn