Gizartea -

DELITUAK

17 eta 18 urteko hiru lagun atxilotu dituzte Gasteizen, "mataleon" metodoa erabiliz lapurretak egiteagatik

Kaletik bakarrik zihoazen pertsonei atzetik eraso egiten zieten, lepoa estutuz ia ito arte, konortea gal zezaten, eta une hori baliatzen zuten lapurreta egiteko.

Ertzaintzaren patruila bat. Argazkia: EFE
Ertzaintzaren patruila bat. Argazkia: EFE
Ertzaintzaren patruila bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18 urteko bi gazte eta 17 urteko adin txikiko bat atxilotu ditu ostiral goizaldean Ertzaintzak Gasteizen, "mataleon" metodoarekin egin diren hainbat lapurretatan parte hartzea leporatuta. Lapurreta egiteko biktima konorterik gabe uzten zuten.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, abuztuan hasi zen ikerketa, horrelako hainbat lapurreta gertatu zirela jakin eta gero. Kasu guztietan, kaletik bakarrik zihoazen pertsonak izan ziren biktimak.

Gasteizko Alde Zaharretik edo gau-girodun beste guneren batetik etxe aldera bakarrik zihoazen pertsonak ikusten zituztenean, atzetik jarraitzen zieten lapurrek, eta jende gutxi ibiltzen den tokietan edota euren etxera sartzera zihoazenean egiten zieten eraso.

Atzetik harrapatu, besoa lepotik pasa eta ia ito egiten zituzten, konorterik gabe utziz, denbora batean. Ondoren, lurrera bota eta defendatzeko aukerarik ez zutenez, gainean zeramatzaten gauzak lapurtzen zizkieten. Lapurreta teknika honi "mataleon" deitzen zaio.

Atxilotuta jarraitzen dute gazteek eta datozen orduetan igaroko dira epailearen aurretik.

Bien bitartean, Ertzaintzak aurrera jarraitzen du ikerketarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Herriak eta Hiriak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak