Gizartea -

Indarkeria matxista

Sexu-erasoagatik salatutako irakasleak soilik eskola telematikoak eman ahalko ditu, EHUk erabakita

Behin-behineko neurria da, hainbat taldek egindako salaketaren ondorioz; talde horietako batek, baina, Unibertsitateko Indar Batasunak, erabakia gaitzetsi du: "Ez du ezertarako balio", adierazi du.

Elkarretaratzea izan da astelehenean EHUn. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.
Elkarretaratzea izan da astelehenean EHUn
EHUko Arkitekturako ikasleek manifestazioa egin dute zakila klasean erakutsi zuen irakaslearen aurka

1:24

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) iragarri duenez, astelehen honetatik, ustezko sexu-erasoa egiteagatik salatutako irakasleak eskola soilik telematikoak eman ahalko ditu, aurrerantzean, eta, beraz, aurrez aurreko eskolarik ezingo du eman. Neurria behin-behinekoa da.

Hain zuzen, aurreko ostiralean, Arrakalak (Donostiako campuseko emakumeen taldea da) eta Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) salatu zuten irakasleak "zakila" erakutsi zuela, "bortizki", hainbat ikasleri. UIBk, astelehen honetan irakurritako adierazpen baten bidez, deitoratu du EHUk ezarritako neurriak ez duela "ezertarako balio".

Erasoa urriaren 4an gertatu zen, Arrakalaren esanetan; gainera, taldearen esanetan, irakasleak eginak zituen hori bezalako beste eraso batzuk ere.

EHUk, ohar bidez, honako hau baieztatu du: "Hilabete honetan gertatu diren gertakari desatseginen aurrean, non Arkitektura Eskolako irakasle bat inplikatuta dagoen, Euskal Herriko Unibertsitateak berretsi du joan den ostiralean, urriaren 22an, espediente bat ireki zela, gertatutakoa argitzeko eta, horren amaieran, erabakirik egokiena proposatzeko".

Behin-behineko neurri gisa, irakasleak modu telematikoan soilik eman ahalko ditu eskolak, dio EHUk.

Presentzialtasuna behar duten jarduerei dagokienez, EHUk beharrezko neurriak hartuko ditu, irakaskuntza presentziala jasotzeko ikasleek duten eskubidea bermatuz, "bai eta prestakuntza integrala jasotzeko duten eskubidea babesteko ere".

Sexu-erasoa salatu duten taldeek elkarretaratzea egin dute astelehenean, Donostiako campusean, Arkitektura Eskolaren aurrean; 200 bat ikaslek hartu dute parte bertan, eta antolatzearen aldeko deia egin dute, sexu-erasoei aurre egitea xede. EHUri, halaber, "kolaboratzailea" izatea leporatu diote.

UIBko ordezkari Saioa Etxegiak oharra irakurri du, eta, bertan, Unibertsitateari egotzi dio erasoa "ezkutatzea", nahiz eta horren berri zuen; ziurtatu duenez, salatutako irakasleak eskola telematikoak egiteko neurriak "ez du ezertarako balio".

EHUk protokoloa du, kontu hauei aurre egiteko, baina ez du ezer egin, "irakasleak eskolak ematen jarraitu baitu", zehaztu du.

Esan duenez, urriaren 4an izandako "eraso larriaren aurrean", beharrezkoa da "EHUk dituen berdintasun-protokoloak eta politikak salatzea"; izan ere, "zuritzeko" bakarrik balio dute, "baina ez dute asmorik edo ahalmenik langileen egoera benetan aldatzeko baldintzak ezartzeko, ez eta Unibertsitatean etengabe gertatzen diren erasoei geldiarazteko".

Etxegiak, horrez gain, esan du gertakariak zeresana eman duela, "zenbait bertsio zabaldu dituztelako, edo erasoa izan zenetik denbora jakin bat joan delako". Zehaztu duenez, berak ordezkatzen duen taldeak "ez du nahi" bestelako xehetasunik eman; asmoa da, aldiz, nabarmentzea "Unibertsitateak" ez duela "ezer egin; ez orduan, ezta hemendik aurrera ere".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista EHU albisteak EAE albisteak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak