Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetzak ez du birusaren aldaera berririk atzeman, baina "erne" jarraituko du, Sagarduiren esanetan

Osasun sailburuak ohartarazi duenez, intzidentziak 12 egun daramatza "goranzko joeran" baina oraindik "goiz" da esateko olatu berri bat helduko den edota ospitaleetan eragina izango duen.

Osasun langile bat gazte bat koronabirusaren kontra txertatzen. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun langile bat gazte bat koronabirusaren kontra txertatzen.
Intzidentziak 12 egunez jarraian egin du gora EAEn, eta hazten jarraitzea aurreikusten da

1:17

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak ez du covid-19aren aldaera berririk atzeman azken asteetako kutsatzeetan, baina "erne" jarraituko du laginen sekuentziazioa egiten. Hala iragarri du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

EAEko egoera epidemiologikoaren balorazioa egiteko agerraldia egin du sailburuak gobernu bileraren ostean. Atzo bertan buletin epidemiologikoak agerian utzi zuen bezala, positiboen kopuruak eta azken 14 egunetako intzidentzia metatuak "goranzko joera" izan dute, eta "datozen egunetan ere gora egingo dute". Dena dela, Sagarduiren esanetan, oraindik "goiz da esateko olatu berri bat helduko den edota ospitaleetan eragina izango duen".

"Ikusi duguna da aurreko beste goraldi batzuetan baino motelago igotzen ari dela tasa hori, eta hori, hein handi batean, txertaketari esker da. Txertoak ekarri digu aldaketa", azpimarratu du. Hala, txertatzeko deia egin die oraindik immunizatu gabe dauden herritarrei, batez ere 20-39 urtekoei: "Hobetzeko tartea daukagu hor".

Era berean, musukoa erabiltzen jarraitzeko gomendatu die herritarrei. "Txertaketarekin batera, birusari aurre egiteko dugun tresna eraginkorrena da", azpimarratu du.

Janssen hartu dutenei errefortzu dosia ematearen inguruan Jaurlaritzak duen iritziaz galdetuta, Sagarduik esan du oraindik ez dakitela "zein baldintzatan eta zein ezaugarrirekin" hartuko duen erabakia Osasun Batzordeak; hortaz, zain egon behar dutela esan du.

Azkenik, Basurtuko Ospitalean hautemandako agerraldia "kontrolpean" dutela azpimarratu du Sagarduik. Sailburuak emandako datuen arabera, guztira 30 pertsona kutsatu dira: 21 gaixo, 3 osasun langile eta 6 bisitari.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa