Gizartea -
Indarkeria matxista
Adingabe batek salatu zuen EHUko irakaslea mehatxuengatik eta exhibizionismoagatik
Arkitekturako irakasleak zakila "modu bortitzean" erakutsi zuen egun berean aurkeztu zuen salaketa 17 urteko mutilak, eta epaitegiaren esku dago jada. EHUk erabaki duenez, bestalde, irakasleak eskola telematikoak bakarrik emango ditu, tarte batez.
Agentziak | EITB Media
17 urteko mutiko batek, pertsona heldu batek lagunduta, salaketa aurkeztu zuen urriaren 4an Ertzaintzaren aurrean ikasleei zakila "modu bortitzean" erakutsi zien EHUren irakaslearen kontra. Adingabe baten aurrean exhibizionismoa egiteagatik eta mehatxuengatik aurkeztu zuen salaketa, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Iturrion arabera, Ertzaintzak izapideak abiatu zituen eta epaitegiaren esku geratu da auzia.
Bien bitartean, EHUk espedientea ireki zion irakasleari eta, tarte batez, eskolak modu telematikoan ematera behar zuen.
Arrakala Donostiako campuseko emakumeen taldeak eta Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) salatu zuten publikoki erasoa, eta gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo.
Saioa Etxegia UIBko ordezkariak irakurritako oharrean nabarmendu zuenez, EHUk erasoa "ezkutatu" zuen, horren berri bazuen ere. Gainera, euren ustez, salatutako irakasleak eskola telematikoak egiteko neurriak "ez du ezertarako balio".
Bestalde, Arrakala taldeak bilera informatiboa deitu du gaurko.