Gizartea -

Hezkuntza

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak manifestazioa deitu du azaroaren 6rako, Bilbon

Egungo hezkuntza sistema "dual, klasista, arrazista eta segregatzailea" eraldatu eta euskal eskola bakar eta publikoa sortzearen alde egiten dute, familia orok aukera berak izan ditzan eta euskarazko murgiltze eredua orokortu dadin. "Gardentasuna" eskatu diote Bildarratz sailburuari.

Plataformaren prentsaurrekoa, gaur, Bilbon. Eitb-ren bideo batetik hartutako irudia.
Plataformaren prentsaurrekoa, gaur, Bilbon.
Azaroaren 6an mobilizatzeko deia egin du Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak

0:35

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak dei egin du datorren azaroaren 6an Bilboko kaleak hartzeko, egungo hezkuntza sistema duala eraldatu eta izaera publikoko hezkuntza sare bakarraren aldeko manifestazioan. 

Bilbon emandako prentsaurrekoan, Maribel Lopez de Luzuriaga Gasteizko Plataformako kideak, eta Ainara Jimenez Bilboko plataformako kideak adierazi dutenez "egungo hezkuntza sistema dual, klasista eta arrazistak eskola publikoa diskriminatzen du, segregazioa sortzen du eta bi mailatako ikasleak egotea sustatzen du". Hori dela eta, "premiazko" jotzen dute sistema "birplanteatzea eta eraldatzea", eta administrazioarentzat "erabateko lehentasuna" izan behar duela uste dute. Diotenez,  "Espainiako Estatuko eta Europako erkidego segregatzaileenetako bat" da EAE. 

Eskola publikoaren funtzio parekatzailean azpimarra jarri dute plataformako bozeramaileek: "Eskola publikoa da hezkuntzan dugun zerbitzu publikoa, doakoa eta unibertsala, denona eta denontzat, jatorrizko ezberdintasunak berdintzen dituena, inklusiboa den bakarra, euskal gizartearen kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta baldintzarik zailenetan ere ikasle gehien euskaldundu duen eta gaur egun euskalduntzen dituen sarea", adierazi dute. .

Bilboko manifestazioaren antolatzaileen iritziz, hezkuntza "ezin da merkatuaren menpe egon" eta hezkuntzarako eskubidea "ezin da egon familien ahalmen ekonomikoaren baitan"; era beran, ohartarazten dutenez, bi eskaintza izateak, publikoa eta pribatua, diru publikoz finantzatutakoak eta kontzertazio unibertsalaren aterkipean, "lehia dakar ezinbestean", bi sareen edo sare bereko ikastetxeen artean.

Plataformaren ustez, "hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzeko garaia da", eta, beraz, eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean linea pribaturik ez irekitzea aldarrikatzen dute. Ildo horretan, sortzen diren ekimen pribatu guztiak diru publikoarekin baimendu, hitzartu eta sostengatzen dituen politikarekin amaitzeko beharra defendatu dute, derrigorrezko ez diren etapak barne (haur hezkuntza eta batxilergoa).

Hein  berean, jaiotza-tasa jaisten ari direla, eta zentro pribatuekin egiten diren itunak datozen 6 urteetarako berritzear daudela ikusta, diru publikoa "modu bidezkoagoan" erabiltzeko eskatu diote Administrazioari.

Bestalde, beharrezko jo dute ikastetxeak publifikatzeko eta euskarazko murgiltze eredua orokortzeko araudi adostu bat sortzea.

"Gardentasuna"

Euskal Autonomia Erkidegoko balizko Hezkuntza Akordioari buruz, esan dute, "gardentasuna" behar dutela sare publikoko ordezkarien parte-hartzea bermatu eta hezkuntza-sareei, finantzaketari, murgiltze ereduari eta eskola-segregazioari buruz hausnartu behar duen prozesu horretan .

Zentzu horretan, ez dute nahi "egungo sistema duala legitimatuko duen akordio/lege bat, baizik eta eskola publikoa sistemaren erdigune bihurtuko duena", eta hori "ezinbestekoa da sistema inklusibo, ekitatibo eta ez segregatzaile baterantz aurrera egiteko".

Hori dela eta, Euskal Eskola Publikoa Harro Topaguneak Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari eskatu dio "eskola publikoaren alde egiteko eta eskola-segregazioaren aurkako konpromiso argia erakusteko".

Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeko, Astigarragako, Zabaleko bizirik Amurrioko, Donostialdeko, Lasarte-Oriako plataformak, Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak eta Goieskolak, EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartea), HEIZE (Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioa), Ikasle sindikatua, Ikasle ekintza, Gazte Komunistak eta LAB, STEILAS, CCOO, ESK eta CNT sindikatuek osatzen dute Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Eskola Publikoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Manifestazioak