Gizartea -

LARRIALDI KLIMATIKOA

Euskadi "etxeko lanak eginda" joan da Glasgowra, Ihobeko zuzendariaren arabera

Radio Euskadin astelehen honetan egindako elkarrizketa batean, Alexander Botok esan du EAE lehen postuetan dagoela autonomia erkidegoie dagokionez, ekonomia deskarbonizatzeko "asmo handiko" helburuak dituelako.

Alexander Boto, Ihobeko zuzendaria, EITB Mediaren artxiboko irudi batean
Alexander Boto, Ihobe-Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren zuzendaria
Alexander Boto, Ihobeko zuzendaria, EITB Mediaren artxiboko irudi batean

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexander Botok, Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate publikoaren zuzendari nagusiak, Radio Euskadin gaur goizean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, Euskadi "etxeko lanak eginda" joan da Glasgowko (COP26) goi-bilerara.

Gainera, klimaren jardueraren % 80 autonomia erkidegoek eta udalerriek kudeatzen dutela gogorarazi du, eta autonomia erkidegoen artean Euskadi lehen postuetan dagoela azaldu du, ekonomia deskarbonizatzeko "asmo handiko" helburuak baititu.

Botoren arabera, goi-bilera hau duela sei urte egin zena baino "are garrantzitsuagoa" da, berotze globala gelditzeko azken aukera izan daitekeelako. Hala, datozen hamar urteak "giltzarri" izango direla uste du; izan ere, "politika klimatikoa agenda politikoaren erdigunean sartzea" ekarriko luketen gaiak jorratuko dituzte.

Gauzak horrela, Ihoberen zuzendariak azpimarratu du Euskadi lanak eginda joan dela Glasgowera. Nazio Batuek Euskal Autonomia Erkidegoaren "anbizioa" eta kudeaketa aitortu dituzte, "Europan eta nazioartean aitzindarienetakoa" baita. "Anbizio klimatikoaren aldeko Aliantzarako aukeratu diren 22en artean gaude", gaineratu du.

Adierazi duenez, "tropelaren buruan" dago Euskadi autonomia erkidegoei dagokionez, ezarritako helburuak "anbizio handikoak" direlako. Besteak beste, 2030ean isurketak % 45 murriztea eta 2050erako euskal ekonomia deskarbonizatzea ditu xede.

Horretarako, Jaurlaritzak "urrats asko" egin dituela iritzi dio, 2019ko larrialdi klimatikoaren adierazpena edo trantsizio energetikorako eta klima-aldaketarako plana kasu.

Ihoberen zuzendariaren arabera, "ahalegin handia" egiten ari dira energia sustatzeko: berriztagarriak, energia kooperatibak eta parke eolikoak, eguzki-instalazio fotovoltaikoak, eraikinen birgaitze energetikoa edo hidrogeno berdea, besteak beste.

Ildo horretan, eta energia berotegi-gasaren isurketen % 90 eragiten ari dela kontuan hartuta, Botok uste du energia berriztagarriak bultzatu eta biodibertsitatea babestu behar dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa munduan Munduko albisteak gaur Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak