Gizartea -
Mendekotasunak
Pandemiak adikzioak areagotu ditu, bai eta arazoak dituzten pertsonak artatzen dituzten elkarteen lana ere
Pandemia hasi zenetik, 4.000 lagun artatu dituzte ERDU proiektuari esker. Gehientsuenak gizonezkoak dira, eta kalamuak eta alkoholak eragindako mendekotasunak dituzte gehienek.
O. P. | Eitb Media
Droga-zaletasunak dituzten pertsonekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek 4.000 pertsona artatu dituzte 2020ko maiatzetik hona, etxeko konfinamendua amaitu zenetik. Uste baino altuagoa da kopuru hori.
Etorkintza, Gizakia, Jeiki eta Agipad elkarteek, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikak Sailarekin elkarlanean, ERDU proiektua jarri zuten martxan 2020ko maiatzean, covid-19aren ondoriozko konfinamenduaren ostean adikzioei aurre nola egin aztertzeko.
Ordutik, elkarte horien "unitate ibiltariek" 837 irteera eta 3.981 esku-hartze egin dituzte, eta aurrez aurreko arreta eman diete 642 laguni. Gehienak (% 82) gizonezkoak dira, eta kontsumitzen duten substantzia kalamua eta alkohola dira kasu gehienetan.
Arduradunek azaldu dutenez, ERDU proiektuaren bitartez artatutako pertsonen kopurua espero zena baino altuagoa izan da, eta, baieztatu dutenez, "mendekotasunak eta buru osasun arazoak dituzten jende multzo bat bazterkeria larriko egoeran dago".
Ohartarazi dutenez, pertsona hauek babes sozialeko eta osasun sistematik at gelditzen dira sarri, baina, hain zuzen ere, "arreta espezializatua, eta gertuko eta komunitateko esku-hartzeak behar dituzte".
Bide digital eta teknologikoen bitartez 768 pertsona artatu dira. Kasu honetan ere, gizonezkoak dira gehien (%73). Horien artean, alkohola da gehien kontsumitzen den substantzia, eta kokaina eta kalamua daude horren atzetik.
Funtsean, mendekotasun-arazoak dituzten pertsona helduak dira, abstinentzia maneiatzeko zailtasunak dituztenak, eta horien senideek eta bizikidetza-testuinguruak abstinentzia horren ondoriozko gatazkak pairatu dituztenak. Horri gehitu behar zaizkio, besteak beste, emozioei eusteko zailtasuna eta jokabide disruptiboak edo isolamendu-jokabideak dituzten seme-alaba nerabeekin izandako familia-krisiak. Adikzioak dituzten pertsonekin izandako bizikidetza-krisiak eta beldurra eta bakardadea izan dira gehien artatu diren arazoak.
ERDU proiektuaren bitartez artatutako pertsona gehienei pandemiarekin igo egin zaie kontsumitzeko nahia eta antsietatea, eta jokabide disruptiboak izan dituzte.