Gizartea -

HAURREN POBREZIA

Espainiako Estatua da Europan haurren pobrezia-tasa handiena dutenen artean hirugarrena

Save The Childrenen azken ikerketaren arabera, 18 urtetik beherako pertsonen % 31,3 pobreziaren edo gizarte-bazterketaren arriskuan bizi dira Espainiako Estatuan.

Haur bat parkean jolasean. Irudia: Pixabay
Haur bat parkean jolasean
Haur bat parkean jolasean. Irudia: Pixabay

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurren pobrezia errealitate bat da Espainiako Estatuan. Save The Childrenek egindako azken txostenaren arabera, Europa mailan hirugarren postuan dago pobrezia eta haurren bazterketa arrisku tasa handienari dagokionez, % 31,3rekin, Errumania eta Bulgariaren atzetik.

Haurren etorkizuna bermatzea: nola amaitu haurren pobrezia eta gizarte-bazterketa Europan izeneko ikerketaren arabera, Espainiako Estatuko hiru haurretatik bat pobrezia-mugaren azpitik bizi da, material gabezia larria du edo enpleguak presentzia urria duen etxean bizi da.

Dena dela, Europako 14 herrialde aztertzen dituen dokumentuak azaltzen duenez, Europako herrialde bakar bat ere ez dago haurren pobreziatik libre. Europar Batasuneko ia 20 milioi haur pobrezia edo gizarte-bazterketako egoeran bizi dira; 2020an gora egin du pandemiaren ondorioz. Save the Childrenek ohartarazi du datu hori are gehiago handitu daitekeela premiazko neurriak hartu ezean.

Txostenaren arabera, Europa osoan milioika haurrek mugatua dute 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza eta zainketa goiztiarrak jasotzeko aukera, eta milioika haurrek egunero gutxienez janari osasungarri bat eskuratzeko lana izaten dituela ohartarazi du.

Haurren malnutrizio hori murrizteko, gobernuz kanpoko erakundeak Espainiako Gobernuari dei egin dio jantokiko bekak zabaltzeko eta eskolan egunean otordu osasungarria doan egiteko aukera bermatzeko. Espainian, jantokiko laguntzak haurren % 11k baino ez dituzte jasotzen derrigorrezko hezkuntzan, eta pobrezia-egoeran dauden haurren % 27,4tik urrun daude.

Ildo horretan, gogorarazi du pobrezia dela Espainiako haurren gizentasun eta gehiegizko pisu maila handiak azaltzen dituen arrisku faktoreetako bat. Hori dela eta, Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuan zuzenketa bat sartzea proposatu du, jantokirako laguntzen zenbatekoa 100 milioi euro handitzeko, bai eta doako eskola-jantokirako sarbidea sustatzeko ere.

Bestalde, txostenak agerian uzten du hezkuntzarako, osasun-laguntzarako edo etxebizitza egokirako sarbiderik ezak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela haurren osasunean, gizartean eta honen garapenean.

Erakundearen ustez, Espainiako Haurren Bermerako Ekintza Plana aukera garrantzitsua da haurren pobreziari heltzeko. Era berean, arrakala sozialak ikuspegi integrak batekin aztertzeko eta haurrei eta familiei ematen zaizkien laguntza ekonomiko zuzenak handitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Halaber, Bizitzako Gutxieneko Diru-sarrera indartzen jarraitzea eskatu dio, eta Europan haurren pobreziaren aurka borrokatzeko dauden tresna berriak aprobetxatzeko, "haurren aldaketa jasangarria lortzeko urrats garrantzitsuak ematen jarraitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa