Gizartea -

IKUSPEGIREN BAROMETROA

Euskal gizartea geroz eta toleranteagoa da pertsona atzerritarrekin

Pandemiak ez du azken urteetako bilakaera positiboa eten, eta horrela erakusten du Ikuspegiren azken Barometroak. Atzerritarrekiko tolerantzia indizea inoizko altuena da, eta 66,09 punturaino igo da 2021ean.

Migratzaileak Irunen. Artxiboko argazkia: EFE
Migratzaileak Irunen
Atzerritarrenganako tolerantzia handitu egin da pandemian, Ikuspegiren barometroaren arabera

1:16

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemiak ez du azken urteetako joera positiboa eten, eta euskal gizarteak, oro har, geroz eta jarrera inklusiboagoa eta toleranteagoa du jatorri atzerritarra duten pertsonekin. Are gehiago, tolerantzia indizea 66,09 punturaino igo da 2021ean, eta inoizko altuena da.

Immigrazioaren Euskal Behatokiak (Ikuspegi) atzerritarren inguruan egindako azken barometroak baieztatu eta berretsi baino ez du egin azken urteetan abiatutako joera positiboa.

Hauek dira txostenaren ondorio nagusiak:

 - Iazko datuekin alderatuta, gehiago dira uste dutenak immigrazioak enpleguan eta ekonomian ondorio positiboak dituela.

 - Euskal gizarteak ez du immigrazioa euskal gizartearen arazo larri gisa hautematen. Inkestan parte hartu duten pertsonen % 9,8k soilik uste dute gizartearen arazo bat dela; % 2,3k, aldiz, arazo pertsonal gisa ikusten dute. Inoizko daturik baxuenak dira.

 - Integrazio sozialari buruz galdetuta, gehienek asimilazio bidezko integrazio "atsegina" babesten dute. Onartzen dute integrazioa lortzeko aldebiko ahalegina ezinbestekoa dela, baina atzerritarren gain jartzen dute ardura gehiena.

 - Inkestatutako pertsonek begirune txikiagoa diete pakistandarrei, errumaniarrei eta magrebtarrei. Azken urteetan aldatu ez den jarrera da hori. Gainera, mesfidatiak dira islamaren aurrean.

 - Gutxiago dira pentsatzen dutenak atzerritarrak babes sozialeko sistemaz gehiegi aprobetxatzen direla kontrakoa uste dutenak baino, lehen aldiz.

 - Gehienek uste dute babes sozialeko sistemak pertsona guztiak hartu behar dituela bere baitan. Gainera, osasuna eta hezkuntza eskubide unibertsal izatea aldarrikatzen dute.

 - Asilo eta aterpe eskubideari buruz galdetuta, % 35,2k uste dute harrera egin behar zaiela inolako murrizketarik gabe. Ia beste heren baten (% 29,8) ustez, berriz, jazarpenen biktima direla erakutsi behar dute asilo eskatzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Arrazismoa argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak