Gizartea -

Eremu gorrian

Agurainek haurren jolastokiak itxi, jarduerak bertan behera utzi eta aforoak murriztu ditu

Printzipioz, neurriak azaroaren 21era arte egongo dira indarrean. Arabako udalerriak 100.000 biztanleko 1.064,82 positiboko intzidentzia tasa du azken 14 egunetan.

Agurain (Araba). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Agurain (Araba). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Agurain (Araba). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aguraingo Udalak (Araba), besteak beste, jarduerak bertan behera uztea, haurren jolastokiak ixtea eta liburutegiko eta igerilekuko aforoak murriztea erabaki du asteazken honetan, covid-19ari aurre egiteko.

Printzipioz, neurriak azaroaren 21era arte egongo dira indarrean, baina pandemiaren bilakaeraren arabera data aldatu daiteke.

Agurain eremu gorrian dago; izan ere, 100.000 biztanleko 1.064,82 positiboko intzidentzia tasa du azken 14 egunetan, iragan asteleheneko azken txosten epidemiologikoaren arabera.

Herriko anbulatorioan PCR probak egin ahal izatea eskatu zion Udalak Osasun Sailari, herritarrak Gasteizera joan beharrik ez izateko. Era berean, ikastetxeetan baheketak egitea eskatu zuen.

Ikasleen artean baheketa egitea baztertu zuen Osasun Sailak, beharrezkoa ikusten ez duelako. Bestalde, anbulatorioan probak egiteko eskaera aztertzen ari da, Udalak ziurtatu duenez.

Erantzunaren aurrean, Udalbatzak premiazko bilera egin eta udal jarduera guztiak bertan behera uztea adostu du, tokien aireztapena bermatzea, musukoen erabilera eta distantzia soziala gordetzea ezinezkoa denean.

Gainera, haurren jolastokiak eta skate pista ixtea eta liburutegian, musika eskolan, igerileku estalian eta gimnasioan aforoak murriztea erabaki du, baita igeriketa ikastaroak bertan behera uztea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Herriak eta Hiriak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Agurain Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Anbulatorioak