Gizartea -

Sexu-abusuak

Gizon bat atxilotu dute Zumaian, taberna batean bi emakumeri ukituak egitea egotzita

Gertakariak igande goizaldean jazo ziren, eta ostiral honetan salatuko dituzte elkarretaratze batean. Atxilotua epailearen esku utzi zuten igandean bertan.

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat atxilotu dute Zumaian (Gipuzkoa), sexu-abusu delitua leporatuta, herriko taberna batean bi emakumeri ukituak egiteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Gertakariak igande goizaldean jazo ziren, eta ostiral honetan salatuko dituzte mugimendu feministak deitutako elkarretaratze batean. Udalak deialdiarekin bat egin du, eta herritarrei mobilizazioan parte hartzeko eskatu die. Protesta 18:30ean hasiko da Beheko plazan.

Atxilotua epailearen esku utzi zuten igandean bertan, Segurtasun Saileko iturriek erantsi dutenez.

"Ez dira kasualitatea, ez dira kasu bakanak"

Asteburuko "sexu-erasoak erabat gaitzesteko" adierazpen bat argitaratu du Udalak bere webgunean. "Biktimei eta haien ingurukoei erabateko babesa eta elkartasuna", adierazi die.

"Emakumeen aurkako erasorik ez dugula onartuko argi utzi nahi dugu beste behin ere. Indarkeria sexistak erasotzaileak eta biktimak ditu, noski, baina ez dira kasualitatea, ez dira kasu bakanak, emakumeak indarkeriarekin, egiturazko indarkeria sexistarekin tratatzen dituen sistema baten emaitza dira", salatu du Udalak.

Erakundeak "herritarren giza eskubideak bermatzeko ardura dute", gaineratu duenez. Horregatik, Zumaiako Udalak "indarkeria sexista adierazpen guztien aurkako borrokan konpromiso politikoa berretsi du". Aldi berean, "herritar guztien inplikazioa", eskatu du.

"Bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria izan daitekeelako eraso bat saihesteko orduan", azpimarratu du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Zumaia Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak