Gizartea -
Bost urte desagertuta
Yeremi Vargas mutikoa bilatzeko lanak suspertu dituzte
Guardia Zibilak lehen aldiz jakinarazi du desagertu zen egunean umeak zeraman arropa zein zen eta bi auto susmagarriren arrastoa ikertzen ari direla ere zehaztu du.
Erredakzioa
Guardia Zibilak Kanaria Handian duela bost urte desagertutako Yeremi Vargask mutikoa bilatzeko ikerketaren inguruko xehetasun berriak eman ditu gaur.
Umea desagertu zen tokian ikusitako bi autoren arrastoa jarraitzen ari dira. Ibilgailu horiek Opel Corsa zuri bat eta kristalak tindatuta dituen Renault Clio beltza dira. Informazio berri horri esker Guardia Zibilak mutikoa bilatzeko lanak suspertzeko erabakia hartu du.
Gainera, gaur lehendabiziko aldiz jakitera eman dute umeak desagertu zenean zeraman arropa zein zen. Lehen egunetik jakin dute hori, baina gaur arte ez dute publiko egin, lekukoen testigantza okerrak ekiditeko. Desagertu zenean, honela zihoan jantzita: beix koloreko praka laburrak; 'skhuaban' lelodun jertse laranja; Nike markako zapatila zuri eta urre-kolorekoak; eta kolore urdina eta horia nahasten dituen betaurrekoak.
Guardia Zibilak uste du desagertzearen atzean arrazoi sexuala dagoela, baina beste hipotesi batzuk ere ez dituzte baztertu, hala nola, ezbeharra, bahiketa, organo trafikoa edo familia arteko mendekua.
Yeremi Vargas 2007ko martxoaren 10ean desagertu zen Kanaria Handiko Vecindario herrian.