Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid-19 agerraldi bat atzeman dute Astigarragako Herri Eskolan

Koronabirusa atzemateko proban 33 pertsonak eman dute positibo oraingoz. Ondorioz, zazpi gela itxi eta 150 haur isolatu dituzte.

Astigarragako Herri Eskola. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Astigarragako Herri Eskola
Astigarragako Herri Eskola. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan 12 urtetik gorakoen % 90ek koronabirusaren aurkako txertoaren pauta osoa jaso duten honetan, covid-19ak batez ere pertsona ahulenak eta 12 urtetik beherakoak kutsatzen ditu orain. EITB Mediak jakin ahal izan duenez, koronabirus agerraldi bat atzeman dute Astigarragako Herri Eskolan.

Lehen Hezkuntzan gertatu da agerraldia, eta orain arte 33 pertsonak eman dute positibo covid-19a atzemateko proban.

Ondorioz, zazpi gela itxi eta 150 haur isolatu dituzte.

Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak informazio gabezia salatu du Euskadi Irratian egin dituen adierazpenetan. Haren esanetan, hedabideen bidez jakin dute herrian 33 positibo izan direla. Kezkatuta agertu da positibo eman duten haurren inguruko helduak ere gaixotu daitezkeelako, baina txertoa dela-eta helduengan eragina txikiagoa izatea espero du. Bestalde, ahal dela, haurren arteko harremana murrizteko deia egin du alkateak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenero berritzen duen koronabirusaren semaforoaren arabera, Astigarragak 254,75ko intzidentzia du eta eremu horian dago. Urriaren 25etik 31erako astean, 16 positibo hauteman zituzten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gipuzkoako albisteak EAE Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Astigarraga bideoak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Covid birusaren olatu berria