Itxi

2021/11/06

20:56

Gizartea

HEZKUNTZA

Milaka pertsona atera dira kalera Bilbon eskola "publiko, euskalduna eta inklusiboa" izan dadin "ardatza"

agentziak | eitb media

Euskal Eskola Publikoaz Harrok deituta, Bildarratzi "konpromiso argia" eskatu diote "eskola segregazioaren aurka eta kohesio sozialaren alde".

1:31
bilbo
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Manifestazio bat egin dute gaur Bilboko kaleetan zehar eskola "publikoa, euskalduna eta inklusiboa" izan dadin euskal "hezkuntza sistemaren erdigunea". Era berean, kalera atera diren milaka pertsonek "konpromiso argia" eskatu diote "eskola segregazioaren aurka eta kohesio sozialaren alde" Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari.

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea osatzen duten erakundeek antolatutako mobilizazioa 17:00etan abiatu da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik, eta Arriaga Plazan amaitu da, adierazpenaren irakurketarekin.

Jai giroan, eta 'Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizaziorik ez' zihoen pankarta baten atzean, manifestariek segregazioaren aurkako eta hezkuntza publikoaren aldeko oihuak egin dituzte.

Ekitaldian parte hartu dutenen artean zeuden Ikoitz Arres EH Bilduren Hezkuntza idazkaria, Iñigo Martinez eta Isabel Gonzalez Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak eta Roberto Uriarte Unidas Podemosen diputatua, besteak beste.

Martxa hasi aurretik egindako adierazpenetan, topagunearen ordezkariek eskola publikoaren aldeko aldarria egin dute, EAEn Hezkuntza Lege berria lantzen ari direla eta. "Eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan dadin politikak aurrera eramateko garaia da, Europan egiten duten bezala, batez beste publikoa baita % 80a", azaldu dute.

Bestalde, salatu dute egungo sistema "duala"k ez diela erantzuten herritarren egungo beharrei, "segregazioa eta bikaintasun eza" eragiten dutelako. Era berean, defendatu dute hezkuntzarako eskubidea ezin dela familien gaitasun ekonomikoaren mende egon, eta horregatik "pribatizazioa amaitu" beharra dagoela, eta ez dela finantzatu behar "aniztasunari erantzuten ez dien eskolak, inklusiboak ez direnak eta euskalduntzen ez dutenak".

"Erabateko lehentasuna"

Manifestazio amaierako ekitaldian irakurritako adierazpenean, antolatzaileek berretsi dute eskola publikoak izan behar duela "administrazioarentzat erabateko lehentasuna" duena. Horren harira, eskola "bakarra, publikoa, euskalduna eta inklusiboa" eskatu dute.

"Hezkuntza pribatu-itunduari mugak jartzeko garaia iritsi da. Ekimen pribatu guztiak, baldintzarik gabe, diru publikoarekin sustatzen dituen politika amaitu behar da. Egungo testuinguruan, jaiotze tasaren beherakadarekin, Eusko Jaurlaritzari baliabide publikoen erabilera bidezkoagoa eta eraginkorragoa eskatzen diogu", azpimarratu dute.

euskal eskola publikoaz harro efe

Manifestazioa, Bilbon. Argazkia: Efe

Era berean, zentroak publiko egiteko araudia adostea exijitu dute, "euskararen murgiltze eredua unibertsaltzea"rekin batera.

"Eusko Jaurlaritza ohartarazten dugu bere hezkuntza politikak ekarri gaituelako bazterkeria egoera honetara, eta baita sare pribatuko zentroak, egoera baliatzen baitute pribilegioei eusteko eta segregazioa handitzeko", gaineratu dute.

Azkenik, hezkuntza lege berrirako prozesuan "hezkuntza sareen, murgiltze ereduen eta segregazioaren inguruko gogoeta gardena eta sare publikoko ordezkarien parte-hartzearekin" egitea proposatu dute. "Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari guztion eta guztiontzako eskola publikoaren aldeko apustua egiteko eskatzen diogu, eta konpromiso argia ager dezala eskola segregazioaren aurka eta kohesio sozialaren alde", amaitu dute.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;