Gizartea -

eguraldia

Gaurko giro goibela gaindituta, eguzkia izango da jaun eta jabe

Joeraren arabera, giro egonkorrari eutsiko diogu aste guztian zehar.

Egun oskarbia Bilbon. Artxiboko argazkia: Jabi Sarriugarte
Egun oskarbia Bilbon. Artxiboko argazkia: Jabi Sarriugarte
Egun oskarbia Bilbon. Artxiboko argazkia: Jabi Sarriugarte

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean giro motela espero badugu ere (batez ere isurialde atlantikoan), datozen egunetan hobera egitea espero da, Euskalmeten arabera. Oro har, oskarbi egongo da zerua, eta tenperaturek ere arinki gora egingo dute.

Astelehenaren lehenengo partean, eguraldiak igandearen ildo beretik jarraituko du, eta goibel egongo da. Euri txikia egingo du, iparraldean gehienbat. Arratsalde-gau partean, atertzera egingo du, eta hegoaldean ostarteak gailenduz joango dira; Ebro ibarrean eguzkitsu geratuko da. Goizetik aurrera, iparraldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, batez ere Ebro ibarrean. Halaber, tenperatura maximoek gora egingo dute.

Asteartearen hasieran, hodei hondar batzuk agertuko dira zeruan, baina ateri egongo da denean. Barnealdeko zenbait lekutan, lanbroa eta lainoa agertuko dira. Egunaren erdiko orduetan, giro eguzkitsua gailenduz joango da, baina baliteke isurialde atlantikoan behe-hodeiak berriro agertzea arratsaldearen amaieran. Iparreko edo ipar-ekialdeko haizea ibiliko da. Tenperatura maximoei dagokienez, berdintsu jarraituko dute; minimoak hotzak izango dira, eta egunaren amaieran neurtuko dira.

Tenperatura maximoak 11 eta 16 graduren artean ibiliko dira aste hasiera honetan hiriburu guztietan, eta minimoek ez dute 10 graduko muga gaindituko. Egunak pasatu ahala, litekeena da hasieran igotako tenperaturak horretan mantentzea, aldaketa askorik gabe.

Asteazkenean, giro eguzkitsua izango dugu. Goizean goiz, barnealdeko zenbait lekutan, Araban eta Nafarroan bereziki, lainoa agertuko da, eta izotza egingo du, baina, gero, lainoa jasotakoan, eguna amaitu arte, eguzkia jaun eta jabe izango da. Haize suabea ibiliko da, eta tenperatura maximoek berdintsu jarraituko dute. Goizean goiz eta egunaren amaieran, giroa hotza izango da.

Une oro kontsulta dezakezu eguraldiari buruzko informazioa eitb.eus-en, baita zure argazkiak bidali ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Iparraldea argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak