Gizartea -

Azaleko gaixotasuna

Gasteizko eskola batean ezkabia agerraldia detektatu dute

Gasteizko haur eskola bateko 3-5 urte arteko 13 ume eta irakasle bat kutsatu dira ezkabiaz, Osakidetzak jakinarazi duenez. Zentroak jada martxan jarri ditu agerraldiari aurre egiteko neurriak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezkabia agerraldia detektatu dute Gasteizko eskola batean. Osakidetzak jakinarazi duenez, 14 kasu diagnostikatu dituzte; 3 eta 5 urte arteko haurrak dira horietako 13, eta 14.a irakaslea da.

Ezkabia onddo batek eragiten duen azaleko gaitz arrunta da, eraztun itxurako erupzio gorrixka sortzen du, eta buruan agertuz gero soiltasunak eragin ditzake.

Joan den astean bi kasu antzeman zituzten, ostiralean beste bi, baina aste honetan baieztatu dute ezkabia agerraldia.

Osasun Saileko informazioen arabera, eskolako bi gelatako 13 haur kutsatu dira gutxienez, eta baita irakasle bat ere.

Onddoa duen pertsona, katu edo txakur batekin kontaktuan egonda kutsatzen da gaixotasuna. Jaurlaritzako Osasun Sailak eskola horretako haurren gurasoei eskutitza igorri die ezkabia duten zantzurik izanez gero pediatrarengana eramateko esanez.

Kutsatu diren umeen gurasoei, berriz, haurrak hiru edo lau egunetan eskolara ez eramateko gomendioa egin diete. Ukendu bat ematen hasi eta 24 ordura arte gaitza kutsakorra da.

Halaber, Osakidetzako arduradunak eskolako zuzendariarekin harremanetan jarri dira eta jada martxan jarri dituzte ezkabia-agerraldiari aurre egiteko neurri higienikoak; besteak beste, umeek lo egiteko erabiltzen dituzten koltxonetak eta beste hainbat material garbitu egin dituzte.

Higienea zaintzea, beharrezkoa

Ezkabiak alarma sortzen du, estetikoki batik bat ezatsegina delako, baina gaixotasun arrunta eta arina da. Adin guztietako pertsonei eragiten die, baina gaitzaren kontrako tratamendua eragingarria da.

Gaixotasunari aurre egiteko beharrezkoa da higienea zorrotz zaintzea eta kaltetuak erabili dituen tresnak eta tokiak xaboiarekin edo lixibarekin desinfektatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea