Gizartea -
DONOSTIA
Egiako bizilagunek eta merkatariek jasaten ari diren eraso eta lapurretak salatu dituzte
Azken hilabeteetan lapurretak, istiluak eta erasoak areagotu egin dira auzoan. Azken gertakaria larunbatean izan zen Kaia tabernan.
EITB MEDIA
Giroa gaiztotua dago Donostiako Egia auzoan eta bizilagunek eta merkatariek lapikoak jo dituzte bart azken hilabeteetan erasoak, istiluak eta lapurretak gertatzen ari direla salatzeko. Azkena, Kaioa tabernan gertatu da, larunbatean.
Lokala ixterako unean, gazte bat oldartu zitzaien tabernako langileei eta azkenean ertzaintzari deitu behar izan zioten. Ertzainek lagunduta joan behar izan zuten etxera.
Tabernako jabeak Euskadi Irratiari baieztatu dionez, beldurtuta daude eta asteburutik ez dute taberna arratsaldez ireki, gaueko itxierari beldur.
Ez da kontu berria. Azken hilabeteetan Egia auzoan areagotu egin dira lapurreta, istilu eta erasoak. Gauzak horrela, bizilagun eta merkatariek "Nahikoa da" esan dute bart, eta aurrerantzean egunero lapiko-jotzea egingo dutela iragarri dute protesta gisa arratsaldeo 20:00etan.
Auzotarren arabera, inguru jakin batean kokatzen da arazoa, Duke de Mandas kalean, Tabakalera eta Atotxako dorrearen inguruan. Atotxako Dorrearen beheko aldeko giroa gaiztotu da. Merkatarien arabera, inguru horretan erdi-ezkutuan gelditzen den plaza batean elkartzen dira ia egunero hainbat gazte. Etxerik gabekoak dira asko, eta horietako batzuekin sortu da arazoa.
Beldurra sentitzen dutela diote inguruko merkatariek eta bizilagunek, eta segurtasuna bermatzeko eskatzen diote udalari. Antza, bai migranteekin lan egiten duten elkarteek eta Egiako merkatariak bat datoz esatean droga kontsumoa handia dagoela gazte hauen artean.
Sare Sozialetan gertatu zaiena kontatu dutenetik, bizilagun eta Donostiako beste auzoetako saltzaileen babesa jaso dute. Udaletxeko ordezkariekin harremanetan dira, eskatu dituzten segurtasun neurriak jarri daitezen.