Gizartea -

Emakumeen kontrako indarkeria

Bi atxilotu Irunen eta Villabonan, bikotekideari eraso egitea egotzita

Biktimak anbulantzian ospitalera eraman zituzten kolpeen ondorioz jasandako zauriak zirela eta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu dituzte Irunen eta Villabonan ustezko indarkeria matxista delituagatik.

Irungo erasoa astearte gauean jazo zen hiriko taberna batean. Ertzaintzak dei bat jaso zuen eraso baten berri emanez, eta patruila bat bertaratu zen. Ustezko erasotzailea lurrean geldiarazita zuten lekukoek. Biktimak, berriz, zauriak zituen aurpegian eta anbulantzia batean ospitalera eraman zuten.

Lekukoen arabera, gertakaria tabernako komunetan jazo zen. Ustezko erasotzaileak liskarra izan zuen neska-lagunarekin, eta, ondoren, muturreko bat eman zion eta ispiluaren kontra bultzatu zuen; kolpearen ondorioz, hautsi egin zuen ispilua.

Ertzainek 32 urteko gizona atxilotu zuten emakumeen kontrako indarkeria delitua leporatuta. Gizonezkoa joan den urtarrilaren 21ean ere atxilotu zuten Donostian, bikotekideari eraso egitea egotzita.

Bigarren indarkeria kasu bat ere jazo zen atzo, Villabonan. Emakume batek Ertzaintzari deitu zion bere senarrak eraso egin ziola salatzeko.

Agenteak etxebizitzara bertaratu zirenean, emakumeak aurpegian zauriak zituela ikusi zuten; bikotekideak jipoia emanda egin omen zizkion. Horrez gain, biktimak mehatxuak ere salatu zituen.

Emakumea ospitalera eraman zuten anbulantzian. Ustezko erasotzailea (42 urtekoa), berriz, atxilotu egin zuten, Hernaniko ertzain-etxera joan zenean.

Indarkeria matxistaren biktimen arretarako zerbitzua: 900 840 111 - 016

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea