Gizartea -

Jaurlaritzaren inkesta

%2 hazi da EAEn euskara dakitenen kopurua

Hain zuzen ere, EAEko biztanleen % 32 elebidunak dira, % 17,2 elebidun "pasiboak" eta % 50,8 erdaldunak.

Blanca Urgell Kultura sailburua. EFE
Blanca Urgell Kultura sailburua. EFE
Blanca Urgell Kultura sailburua. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko herritarren % 32 euskaldunak dira, hots, 2006an baino % 2 gehiago. Halaber, % 17,2 elebidun pasiboak dira (euskara dakite, baina ez dute erabiltzen) eta % 50,8 guztiz erdaldunak dira, Eusko Jaurlaritzak bost urterik behin publikatutako inkesta soziolinguistikoaren arabera.

Inkestaren ondorioak gaur aurkeztu dituzte Blanca Urgell Kultura sailburuak, Lourdes Azurmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Ivan Igartua Ikerketa eta Koordinazio zuzendariak. Datuak EAEkoak dira; Nafarroakoak eta Ipar Euskal Herrikoak oraindik ere lantzen ari dira.

Egun, 600.000 pertsonak dakite euskara, 1991n baino 181.000 gehiago.

Urgellek azaldu duenez, euskal gizartea gero eta zaharragoa da eta etorkinen kopuruak gora egin du. Hori horrela, EAEko herritarren % 20 hirurogei urtetik gorakoak dira, eta %14 baino ez 15 urtez azpikoak. Etorkinak herritarren % 6,6 baino ez dira.

Elebidunen portzentaje handiena gazteen artean dago, 16 eta 24 urte artekoen artean % 60k baitakite euskara, duela 20 urteko kopuruaren bikoitza. Nolanahi ere, gazteek biztanlerian duten pisua txikia denez, haien hazkundeak ez du eragin handiagorik emaitza orokorretan.

Bestalde, 10 pertsona elebidunetatik, 6 baino gehiago euskaldunzaharrak dira, baina 16 eta 24 urte arteko pertsonetako erdiak euskaldunberriak dira.

Halaber, herritarren % 20k maiz erabiltzen dute euskara, eta % 8,9k erabili egiten dute, baina beste hizkuntza bat nahiago dute.

Hiriburuak

Euskaldun gehien dituen hiriburua Donostia da, % 33,5. Era berean, % 14,4 elebidun pasiboak dira eta % 52,1 erdaldunak.

Bilbon, % 16,3 euskaldunak dira, % 17,6 elebidun pasiboak eta % 66,2 erdaldunak.

Azkenik, Gasteizen, % 15,5 euskaldunak dira, % 18,7 elebidun pasiboak eta % 65,8 erdaldunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea