Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid-19aren transmisio arrisku altua da berriz ere Nafarroan, 150eko intzidentzia maila gainditu ondoren

Ostiral honetan 132 positibo berri atzeman zituzten, abuztu amaierako datuetara itzuliz. Laugarren eguna da, jarraian, 100dik gora kutsatze diagnostikatzen direla.

Terraza Iruñeko Udaletxe plazan. ETBko bideo batetik hartutako irudia.
Terraza Iruñeko Udaletxe plazan. ETBko bideo batetik hartutako irudia.
Terraza Iruñeko Udaletxe plazan. ETBko bideo batetik hartutako irudia.

Eider Jauregi Oiartzabal | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren transmisioa igotzen ari den honetan, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa dira Espainiar Estatu osoan intzidentzia tasa altuenak dituzten bi erkidegoak.

Atzo, ostirala, beste 132 kasu atzeman zituzten Nafarroan, 100dik gorako zifra, laugarren egunez jarraian. Ez ziren horrenbeste kasu diagnostikatzen abuztu amaieratik.

Datu horiek eskutan, Nafarroako Foru Erkidegoak 100.000 biztanleko 150 kasuko langa gainditu du azken 14 egunetan. Atzo Espainiako Osasun Ministerioak kaleratutako datuen arabera, 158,35ekoa da tasa, eta beraz, transmisio arrisku altuko egoeran da berriz ere Foru Erkidegoa (50 eta 150 artean arrisku ertaineko maila ezartzen da eta 150etik gora arrisku altua). Irailaren erdi aldera, arrisku altutik ertainera jaitsi zen Nafarroa eta 50etik behera ere egon zen urrian, arrisku baxuko egoeran, alegia, baina egoera epidemiologikoak okerrera egin du berriz ere.

Intzidentzia handiena duen taldea 12 urtez azpikoena da

Dena dela, eta Gobernua gaueko aisialdian covid ziurtagiria ezartzea aztertzen ari den arren, transmisio altu hori ez da, oraingoz, ospitaleetan isla izaten ari, eta horietan alerta maila arrisku baxukoa da Santos Indurain kontseilarik aste honetan azaldu duenez. Izan ere, txertaketa maila altuari esker, kutsatzeak igotzen ari diren arren, gaixo gehienek ez dute ospitalean amaitzen. Une honetan 39 lagun daude covidagatik ospitaleratuta, horietako 7 ZIUn.

Une honetan 2 urtez azpikoena da intzidentzia handiena duen taldea (270) -txertatu gabeko adin tartea- eta horien atzetik dira 40-49 urteko taldea (207) eta  70-79 urtekoa (189).

Kontseilariak kontuz ibiltzeko eta arrisku praktikak ekiditeko eskatu du: "txertatuta ez egoteak eta maskara ez erabiltzeak ospitaleratzeak dakartzate eta baita hiltzeko arrisku handiagoa ere. Horren kontrara, txertatuta egoteak, maskara erabiltzeak eta aire zabalean egoteak kutsatzeak murrizten dituzte, eta egotekotan hain larriak ez izatea dakar".

"Murrizketez haratago, herritarrek eta administrazioak bat egin behar dugu berriro konpromiso bateratu batean: hainbesteko esfortzuarekin lortutakoa galtzea saihestu behar dugu, eta horretarako arriskua dakarten jarrerak baztertu behar ditugu", nabarmendu du.

Datuak okerrera EAEn eta Ipar Euskal Herrian ere

Eusko Jaurlaritzak astelehenetan bakarrik ematen ditu orain datu epidemiologikoak eta hurrengoak azaroaren 15ean egingo ditu publiko. Dena dela, duela egun batzuk 100.000 biztanleko 100 kasuko langa gaindituta zegoen jada EAEn eta Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak atzo, azaroak 12, argitaratutako datuen arabera 142,72an dago orain.

Bestalde, Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamentuak 105,10eko intzidentzia zuen ostiral honetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Aisia Tabernak Txertoak Koronabirusa Osasun-larrialdi egoera amaitu da