Itxi

2021/11/14

13:12

Gizartea

KORONABIRUSA

Eusko Jaurlaritzak murrizketak iragarriko ditu covid intzidentzia altua duten udalerrientzat

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak prentsaurrekoa emango du astearteko Gobernu Kontseiluaren ostean, gorrian dauden udalerrietan hartu beharreko neurriak zehazteko.

1:44
INTZIDENTZIA
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Pandemiaren bilakaerak joera kezkagarria hartu du berriz ere Euskal Autonomia Erkidegoan eta azken egunetako kutsatze kopuruak ikusita, murrizketa neurrietara itzultzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

Exekutiboak jakitera eman duenez, 100.000 biztanleko 150 kasuko intzidentzia langa gainditu da EAEn, eta horrek covid-19aren transmisioa maila altuan dagoela esan nahi du.

Gobernuak baieztatu du zifra horrek agerian uzten duela "Euskadiko kutsatzeen goranzko joera eta lehenbailehen geldiarazteko beharra".

Hori dela eta, murrizketak iragarri dituzte covid-19a gogorren jotzen ari den udalerrientzat. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik prentsaurrekoa emango du asteartean Gobernu Kontseiluaren ostean, jarraibide berrien inguruko informazioa emateko.

"Jendetzak saihestera eta joera hau geldiaraztea guztion lana dela ikustaraztera bideratuko dira neurriak", EITB Mediak jakin ahal izan duenez.

Datu guztiak biltzen dituen txostena eta gorriz dauden udalerrien zerrenda astelehen honetan argitaratuko dira, azken asteetako bideari jarraituz. Azaroaren 8ko azken txosten ofizialean, Agurain, Abadiño, Astigarraga, Azpeitia eta Zumarraga zeuden gorrian, baina aste honetan zerrenda handitzen joan da ziur aski.

Osasun Sailak prebentzio-neurriak betetzeko beharra azpimarratu du berriz ere; hala nola, pilaketak saihestea, eskuen higienea areagotzea, espazio itxiak aireztatzea, maskara etengabe erabiltzea eta, jakina, txertoa jartzea.

Nafarroa ere murrizketa berrietarako prestatzen ari da

Nafarroako Foru Erkidegoa ere alerta egoeran dago. Izan ere, EAErekin batera, Espainiako Estatuan intzidentzia metatu handiena duen erkidegoa da. Atzo, adibidez, 159 kasu berri atzeman ziren, azken hiru hilabeteetako kopururik altuena, eta bezperan 132.

Kutsatzeen gorakadak oraingoz ospitaleetan eragin handirik izan ez badu ere, Gobernua gaueko aisialdian covid pasaportea ezartzeko aukera aztertzen ari da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;