Gizartea -
Malaga
Apaiz batek Facebook erabiltzen du predikatzeko
Apaizak Interneten bidez Ebanjelioa predikatzen du. Facebook, Tuenti eta Twitter kontuak ditu, baina Facebook da gehien erabiltzen duena "eduki erlijosoak zabaltzeko".
Erredakzioa
Malagako apaiz bat teknologia berrien zalea da, eta Facebook eta beste sare sozial batzuk erabiltzen ditu predikatzeko, eta mezu pastoralak zabaltzeko. Halaber, tableta elektroniko bat erabiltzen du meza emateko eta elizako musikaren bolumena kontrolatzeko.
Andres Perezek 39 urte ditu, eta Nerjako El Salvador elizako apaiza da. Efe albiste agentziari azaldu dionez, asko gustatzen zaizkio teknologia berriak, eta orain dela urte pare bat sare sozialak ezagutu zituen. Perezen hitzetan, sare sozialek "komunikatzeko beste modu bat ematen diote, eta beste modu batera igual ezingo luke egin".
Apaizak Facebook, Tuenti eta Twitter kontuak ditu, baina Facebook da gehien erabiltzen duena "eduki erlijosoak zabaltzeko". 380 lagun ditu Facebooken.
Apaizak Internet erabiltzen du ebanjelioa predikatzeko, eta mezan erabiliko dituen testuen inguruko gogoetak argitaratzen ditu.