Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du Euskadin eta 232 kasura iritsi da

Hala ere, ospitaleetako presioak bere horretan jarraitzen du: 114 pertsona daude gela arruntetan eta 30 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan. Bestalde, R0 indizeak ehunen bat egin du behera, 1,35eraino.

PCR probak Donostian. Argazkia: EFE.
PCR probak Donostian
PCR probak Donostian. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Intzidentzia metatua 232,08 kasuraino igo da 100.000 biztanleko 14 egunetan, aurreko buletinean, azaroaren 15ekoan, baino 50 puntu gehiago.

Horrenbestez, EAEko intzidentzia metatua hiru egunetan 181 kasutik 232ra igaro da, Osasun Sailak ostegun honetan argitaratu duen buletin epidemiologikoan zabaldutako datuen arabera.

Intzidentzia metatu horrek bereziki kezkagarria izaten jarraitzen du Gipuzkoan, hiru egunetan 308,5 kasutik 396ra igaro baita. Araban ere nabarmen hazi da, 99,9tik 132,6ra, Bizkaian izandako hazkundearen antzekoa, 120,5 kasu izatetik 151,1 izatera igaro baita.

Kutsatzeen gorakada hiriburuetan ere islatzen da. Hiru egunetan, Donostia 231,3 kasuko intzidentzia metatutik 293,3ra igaro da; Gasteizek adierazle hori 99,1etik 138,6ra igo du, eta, beraz, 150eko mugara hurbildu da, eta Bilbo 89,4tik 104,7ra igo da 100.000 biztanleko.

Positibo berrien kopuruak ere gora egin du Euskadin, 3.237 kasuraino, astelehenean baino 1.652 kasu gehiago. Asteazken honetan 691 positibo berri atzeman zituzten, % 8,5eko positibotasun tasarekin.

Hala ere, ospitaleetako presioak bere horretan jarraitzen du: 114 pertsona daude covid-19agatik ospitaleratuta gela arruntetan, astelehenean beste, eta zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU) ere ez da aldatu aurretik emandako gaixoen kopurua, 30 gaixo baitaude.

Pandemiaren bilakaera neurtzen duen beste parametro bat, birsorkuntza tasaren indizea, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, ez da aldatu; izan ere, 1,36an zegoen astelehenean eta 1,35ean dago orain.

Araba da R0 okerrena duen lurraldea (1,42), ondoren Gipuzkoa (1,36) eta Bizkaia (1,32). Hiruretan joera negatiboa da azken jardunaldietan.

Datu horiek berretsi egiten dute Euskdin covid-19ak azken asteetan izan duen bilakaera negatiboa; izan ere, Eusko Jaurlaritzak atzo bertan indarrean sartu ziren murrizketak onartu ditu 150 kasu metatu baino gehiago dituzten udalerrientzat.

Gainera, joerak adierazten du covid-19ak gorantz jarraituko duela datozen egunetan, zazpi egunetako intzidentzia metatuak ere nabarmen egin baitu gora hiru egunetan: igandean 117,1 kasu izatetik asteazken honetan 147,1 izatera.

Ikastetxeetako egoerak pandemiaren bilakaera islatzen du

Euskadin covid-19aren ondorioz itxitako ikasgelak bi aldiz hazi dira egun bakar batean; izan ere, atzo jakinarazitako 34 ikasgeletatik ostegun honetako 70 ikasgeletara igaro dira.

Eraginpeko zentroak aurreko egunean baino hogei bat gehiago dira, baina gehikuntza hori gorabehera, ez dago jarduera presentziala etenda duen ikastetxerik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn