Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Plataforma Feministak emakumeek jasaten dituzten indarkeria guztiak salatuko ditu azaroaren 25ean Iruñean
Manifestazioa 20:00etan abiatuko da Baluarte plazatik eta Sarasate Pasealekuan amaituko da. Indarkeria matxistarekin amaitu nahi bada, erakundeen konpromisoa eta aurrekontu feministak ezinbestekoak direla azpimarratu dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iruñeko Mugimendu Feministak emakumeek jasaten dituzten indarkeria mota guztiak salatuko ditu azaroaren 25ean, "Aske Izateko. Indarkeriarik gabeko bizitzak, orain!" goiburupean egingo duen manifestazioan.
Martxa 20:00etan abiatuko da Baluarte plazatik eta Sarasate Pasealekuan amaituko da.
Plataformak agiri batean azpimarratu duenez, urtea hasi zenetik 5 emakume hil dituzte Euskal Herrian, 39 Espainian eta milaka munduan.
Azaroaren 25ean emakumeek pairatzen dituzten indarkeria mota guztiak argitara aterako dituztela adierazi dute: "hilketak, muturreko indarkeria fisikoa, baina baita egunerokotasunean sufritzen ditugun eraso eta jarrera matxista guztiak ere".
"Gure kontrako indarkeria mota guztiak amaitzea nahi dugu: feminizidioak, emakumeen salerosketa, mutilazio genitala, adingabeen ezkontzak, ziberjazarpena, sextinga…"
Halaber, migratzaileak diren edo desgaitasunen bat duten emakumeen kontrako indarkerian ere jarriko dute fokua.
Horrez gain, indarkeria matxistarekin amaitzeko, erakundeen konpromisoa eskatu dute: "Instituzio konprometituak behar ditugu. Ez ditugu adierazpen instituzionalak edo udaletxeen eta gobernuen aurrean egindako kontzentraziorik nahi. Ez dugu hitz hutsik nahi, ezta konponbiderik ekarriko ez duten promesa faltsurik ere".
Horrenbestez, eta matxismoarekin bukatzeko, hainbat ekimen abian jartzea aldarrikatu dute: aurrekontu feministak onartzea, kalitatezko hezkuntza bermatzea, eragile ezberdinei formakuntza ematea, atzerritarren legea baliogabetzea eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsala eta doakoa eskaintzea.