Gizartea -
Trafikoa
Aurten 40 pertsona hil dira trafiko-istripuz EAEn
Horietatik, 15na hil dira Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gainerakoak, Araban. Alkoholaren, drogen eta sendagaien kontsumoa, arreta galera eta abiadura desegokia dira arrazoi nagusiak.
agentziak | eitb media
Urtarrilaren 1etik azaroaren 15era 40 pertsona hil dira trafiko-istripuz EAEn, aurreko urtean baino 4 gehiago, baina kontuan izan behar da iaz ibilgailuen joan-etorriak asko murriztu zirela pandemiarengatik ezarritako neurri murriztaileak direla eta.
2019ko epe berarekin alderatuz gero, berriz, trafiko-istripuetan hildakoen kopurua txikiagoa da, 44 izan baitziren orduan.
Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzaren Trafiko zuzendariak eman ditu datuok Gasteizen egindako ekitaldi batean. Trafiko istripuen biktimen oroimenezko Mundu Egunaren harira egin dute ekitaldia Stop Bide Indarkeria elkarteak antolatuta.
Urteko lehenengo hamar hilabete eta erdian errepidean izandako heriotza guztietatik, 15na gertatu dira Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gainerako 10ak, Araban.
Diaz de Corucerak azaldu duenez, alkoholaren, drogen eta sendagaien kontsumoa, arreta galera eta abiadura desegokia dira istripuen arrazoi nagusiak.