Itxi

2021/11/23

15:22

Gizartea

Eusko Jaurlaritzaren ikerketa

Euskadiko biztanleen % 84k uste du emakumeenganako indarkeriari aurre egitea "lehentasuna" dela

N. B. | EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzak, gainera, adierazpen instituzional bat argitaratu du, indarkeria matxistaren adierazpenen aurrean "gaitzespen irmoa" adierazteko, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira.

  • % 14k uste du "garrantzitsua" dela, baina une honetan beste lehentasun batzuk daudela.

    % 14k uste du "garrantzitsua" dela, baina une honetan beste lehentasun batzuk daudela.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak "Emakumeen aurkako indarkeria Euskadin: pertzepzio soziala eta jarrerak" azterlana aurkeztu du astearte honetan. Lan horren arabera, Euskadiko biztanleen % 84k uste du emakumeenganako indarkeriari aurre egitea "lehentasuna" dela.

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako azterlanaren arabera, "EAEko gizartea lehen baino sentsibilizatuago dago berdintasunarekin, eta emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko neurriak eskatzen ditu, gero eta gehiago".

Txostenaren ondorioetako bat da euskal biztanleriaren "gehiengoak" (% 84) uste duela emakumeenganako indarkeriari aurre egitea lehentasuna izan behar dela Euskadirentzat, eta % 14k uste du "garrantzitsua" dela, baina une honetan beste lehentasun batzuk daudela.

Era berean, gora egin du desberdintasun-egoerak indarkeriarekin lotzen dituzten herritarren kopuruak. Herritarren % 89 "oso edo nahiko ados" dago "gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun-egoerak irauten duen bitartean, emakumeen aurkako indarkeria egongo dela esatearekin". % 59 oso ados dago horrekin, eta % 30 nahiko ados.

Indarkeria-moduen larritasunaren pertzepzioari dagokionez, euskal herritar gehienek larritzat jotzen dituzten jokabideak honako hauek dira: kolpatzea, jotzea edo bultzatzea (% 92), sexu-harremanak bere borondatearen aurka izatera behartzea (% 87), emakumearen irudiak, argazkiak edo informazioa zabaltzea haren baimenik gabe (% 82), mehatxatzea (% 75), senideekin eta lagunekin harremanak izatea eragoztea (% 75), sakelako telefonoaren eta sare sozialen bidez kontrolatzea (% 72), erabakitzen ez uztea (% 65) edo janzteko modua kontrolatzea (% 65), besteak beste.

Bestalde, herritarren % 67ren iritziz, bikotekideek edo bikotekide ohiek emakumeei egindako erasoei, tratu txarrei eta hilketei buruzko albiste gehiago izatearen arrazoia da lehen baino kasu gehiago ezagutzen direla.

Halaber, genero-indarkeriari buruzko estereotipo batzuk mantentzen dira, hala nola: "Alkohola eta droga-abusua emakumeen aurkako indarkeria matxistako ekintza gehienen atzean daudela" (% 50), "salaketa faltsu asko daudela genero-indarkeriako kasuen harira" (% 27) eta "genero indarkeriaren biktima diren emakume gehienak etorkinak direla" (% 24).

Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen kasuen ezagutza-mailak gora egin du 2004tik (% 18) eta 2015era (% 27). Tratu txarrak ematen dituzten gizonen kasuak ere gehiago ezagutu dira, 2015ean % 28 baitziren.

Emakume bati eraso edo tratu txarren egoeraren bat ikusiz gero, herritarren erdiek poliziari deituko liokete (% 54), laurdenek erasotzaileari aurre egingo liokete, eta % 13k lagundu dezaketen beste pertsona batzuen arreta erakarriko lukete.

Adierazpena

Eusko Jaurlaritzak, gainera, adierazpen instituzional bat argitaratu du, indarkeria matxistaren adierazpenen aurrean "gaitzespen irmoa" adierazteko, Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira (hilaren 25a), eta dei egin du horren harira egingo diren ekitaldietan parte hartzeko, nahiz eta covid-19aren aurrean prebentzio-neurri sanitarioak gordetzeko dei egin.

Testua Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak irakurri du, Jaurlaritzaren Kontseiluaren bileraren ostean Gasteizen egindako agerraldi publikoan.

Bere adierazpen instituzionalarekin, azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, ospatzeko bi egun falta direnean, Eusko Jaurlaritzak "gaitzespen irmoa" erakutsi nahi izan du indarkeria sexistaren adierazpen guztien aurrean, eta "emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baterantz" aurrera egiteko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;